Mozio ugari aurkeztuko dute Iruñeko Udalaren azken osoko bilkuran
GARA |
Udal hauteskundeak gero eta gertuago daude, eta legealdia ere azken hatsak ematen ari da. Nafarroako Parlamentuak berriki eman du amaitutzat 2003-2007ko legealdia, eta hiriburuko Udalak ere gaur arratsaldean egingo du azken osoko bilkura.
Hori dela-eta, Iruñeko auzoetako Koordinadorek ez ezik, hainbat talde eta ekimenetako ordezkariek eskari eta mozioak azken saio horretara eramango dituzte.
Horietako bat Alde Zaharreko Auzo Elkartea izango da, eta bizigarritasun baldintzak arautzen dituen Foru Legearen aurkako mozio bat aurkeztuko du. Horrek Alde Zaharrean arazo asko sortu dituela salatuko dute, eta hori dela-eta, «araudia aldatzeko», etxebizitzak berritzearen alde egiteko eta auzoaren idiosinkrasia errespetatuko duten hainbat etxebizitza eredu bultzatzeko eskatuko dute.
Bestalde, Haur Eskolak Euskaraz ekimenak ere, «oposizioko talde guztien bitartez», mozio bat aurkeztuko duela jakinarazi du. Horren helburua, jakinarazi dutenez, UPN eta CDN talde politikoei Hello Azpilagaña eskolaren eredu linguistikoa alda dezatela eskatzea izango da. Maila horretan ere euskarazko eskari oso handia egon arren, aipatu talde politikoek gaztelania-ingelesa eredu elebiduna ezarri baitzuten bertan.
Irubideko bidearen proiektua bihar onartuko du Udalak, eta kanpoaldean elkarretaratzera deitu dute.