GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lur Berrirekin egin negoziazioak erantzun positiboa izan du

Hazi transgenikoak saldu nahi zituen Lur Berri kooperatiban joan den ostiraletik milaka pertsona izan dira itxialdian. Gizartearen presioaren ondorioz, OGMen kontrako Euskal Herriko kolektiboak Lur Berriko zuzendaritzarekin negoziatu zuen atzo eta, idatzizko berrespen baten faltan, konpromiso batzuk lortu dituztela adierazi zuen kolektiboak. Segolene Royal sozialistaren sostengua jaso du kolektiboak.

Idoia ERASO |

«Hazi transgenikoen salmentaren inguruan konpromiso batzuk lortu ditugu» adierazi zuen OGMen kontrako kolektiboko Jon Harluxetek. Itxialdia abiatu zuen taldeko ordezkaritza bat Lur Berri kooperatibako zuzendaritzako Aguerre jaunarekin bildu zen atzo arratsaldean eta «badirudi ateratze bati buruz ari garela» esan zuen Harluxetek.

Afera konpondu dela eta itxialdiak bere azken orduak bizi dituela ematen badu ere, kolektiboko kideak ez zuen baieztapen borobilik egin nahi izan: «Idatzizko azken konfirmazioaren eta proposamen baten igurikitzen ari gara». Egin aurrerapenen berri emateko gaur goizean prentsaurrekoa eskainiko du OGMen kontrako taldeak kooperatibaren egoitzan. Berrestapen idatzia jasotzen dutenean itxialdia bukatuko dutela ere esan zuen Jon Harluxetek.

Pirinio Atlantikoetako presidente Jean-Jacques Lasserrerekin ere bildu zen kolektiboaren ordezkaritza bat atzo arratsean trangenikoen salmentari buruz hitz egiteko.

UDFeko François Bayrou hautagai biarnoarrak presidentzia hauteskundeen kanpainaren barnean bisita egin behar du gaur Pauera. Publikoki transgenikoen kontra agertu Bayrouk itxialdiko kolektiboko ordezkaritza batekin hitzordua finkatu du gaurko.

Hitz orduetaz gain, Segolene Royale Alderdi Sozialistako presidentetzarako hautagaiaren sostengua ere jaso zuen OGMren kontrako Euskal Herriko kolektiboak. PSen kanpainako laborantza eta ingurumenaren arduradunak sostengu zuzena adierazi zuen.

Batasuna eta Abertzaleen Batasuna alderdi politikoek ere elkartasuna helarazi diete itxialdia aurrera eraman duten pertsonei eta OGMren kontrako Euskal Herriko kolektiboaren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dute gizartea. Batasunak Estatu frantseseko legeak kritikatu ditu «Egun indarrean diren legeekin kontsumitzaileek ezin dugu jakin zer jaten dugun eta hori biziki larria da eta arduragabea ere bai».

Beste alde batetik, Abertzaleen Batasunak Aiziritzeko mugimenduko partaide oso sentizen dela adierazi du: «Laborari, kontsumitzaile, langile, ikasle edo beste helburu berdinak ditugu: gure ingurumena, gure janariak eta gure osasuna sano atxikitzea».

Lur Berri kooperatibaren eta politikarien aldetik azken egunetan egin lorpenak itxialdiaren erantzun sozialaren ondorio zuzena izan da. Administrazio Kontseiluaren ondorengo gauean inoiz baino jende gehiago gelditu zen lotara Aiziritzeko egoitzan, 105 pertsona hain zuzen ere.

Abokatuen kolektiboa

Joan den igandetik OGMren kontrako Euskal Herriko kolektiboak lege-laguntza behar izatekotan laguntza eskainiko dien abokatu talde bat bildu du bere inguruan. Ipar Euskal Herriko eta Tolosa inguruko 23 abokatuk egin dute bat trasgenikoen kontrako borrokarekin. Kolektiboko legegileek genetikoki modifikatzen dituzten landaretzen kontrako kasuak dohainik eramateko engaiatu dira.

«Mobilizazioa garrantzitsua da, baina akzio juridikoa ere ez dugu alde batera utzi behar» adierazi zuen Berdeen partaide Martine Bisautak. Izan ere, trasgenikoen kontrako borrokan guda juridikoa ere garatuko du kolektiboak, bai defentsan, bai eta erasoan ere. Martine Bisautak argi utzi zuen kolektiboaren asmoa: «Gizarteari jakinarazi nahi diogu, transgenikoak landatzen dituzten haien kontrako abokatu batailoi bat izanen dugula prest akzio juridikoak aurrera eramateko kutsadura kasu txikienagatik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo