Amikuzeko Sagarno Egunaren hirugarren edizioa berriz Behaskanen ospatuko da
GARA |
Orain arteko tradizioari jarraiki Nafarroaren Egunaren eta Herri Urratsen asteburuen artean egingo dute Amikuzeko Sagarno Eguna, hau da, maiatzaren 5ean izanen da aurten. Aurreko edizioetan bezala, Amikuzeko hiriburu Donapaleuko Herriko Etxeak ez du herrian egitea onartu, beraz, berriro ere Behaskanen iragango dute. Etorkizunean Sagarno Eguna Donapaleun ospatu ahal izatea espero dute antolatzaileek.
Amikutzu elkarteak sortu ekimen horrek lehen aldiz Amikuzeko ikastolaren partaidetza jasoko du. Orain arteko arrakastari jarraiki, sagarnoa dastatzen hainbat ekimenez gosatzeko aukera izanen da aurten ere. Gonbita argiki zabaldu zuen antolatzaile Antton Etxeverrik: «Jende guztia gonbidatzen dugu sagarnoa dastatzera eta animazio ezberdinekin gozatzera, alde batetik Amikuzeko ikastola sostengatzeko eta Amikutzu aldizkaria bestaldetik. Bi egiturek urte guztian euskararen eta euskal kulturaren defentsan lan egiten dute Donapaleun ere bizirik jarrai dezaten».
Arratsaldeko seietan irekiko dute ofizialki Amikuzeko Sagarno Eguna eta ordu horretan jende guztiak dastagai izanen diren hamar sagarnoekin gozatzeko aukera izanen du. Zortziak eta erdietan herri afaria antolatu dute eta erreserbak apirilaren 29a baino lehen egitea eskatute, Donapaleuko turismo bulegoan.