GARA > Idatzia > Kultura

Kubako egoerari argazkia egin dio Petxarromanek azken liburuan

GARA | DONOSTIA

«Begirada bat Kubari» Elkarrek kaleratu berri duen liburuaren bidez, Karibeko uharteko egoeraren argazkia eskaintzen saiatu da Iñaki Petxarroman (1973). Guztira, 30 elkarrizketa egin zituen, iazko urritik abendura bertara eginiko bidaian.

«Inork ez dezala pentsa liburu honen bidez Kubako errealitatearen puzzlea osatu edo guztiz dezifratu nahi izan dudanik», aitortu zuen Lasarte-Orian jaiotako kazetariak. Kubako errealitatea oso konplexua dela badaki, baina horren argazkia osatzeko «sentsibilitate guztietako jendeak lekua izan dezan» saiatu da. Fernando Vecino Alegret Hezkuntza ministro ohiak, Ana Fidelia Quirot atletak, Cesar Portillo de la Luz bolerogileak edo Ioeldis Rodriguez herrialdetik alde egin nahi duen soziologo gazteak, besteren artean, Petxarromanen galderei erantzun diete.

Egileak nabarmendu zuenez, Kubatik datorkigun informazioa oso alde batekoa da. «Edo erregimenak guztiz kontrolatua (eta, beraz, iraultzaren guztiz aldekoa) edo disidentziak bideratua ( eta, beraz, guztiz kontrakoa)», adierazi zuen.

«Zer gertatuko da Fidel hiltzen denean?», hori da Kubari buruz hitz egitean guztiok buruan dugun galdera nagusia. Galdera hori erantzuterik ez dago, baina liburua hainbeste interesa pizten duen irla horretako etorkizunaz zenbait gako emateko tresna baliagarria izango delakoan dago Petxarroman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo