GARA > Idatzia > Euskal Herria

Politikagintza aldi baterako utzi du PPko Maria San Gilek bularreko minbizia duelako

EAEko PPko presidente Maria San Gil aldi baterako politika munduko lehen ilaretatik kanpo egongo da, atzo azaldu zuenez, bularreko minbizia baitu. Lehen ebakuntza egina diote dagoeneko.

GARA |

Azken hilabeteotan ez du ia agerraldi publikorik egin EAEko PPko presidente Maria San Gilek, eta berak jakinarazi zuen atzo horren arrazoia: bularreko minbizia du. Hala, denboraldi baterako politikagintza utziko duela azaldu zuen, baina sendagileen esanetan, «erabat sendatzeko aurreikuspen ezin hobea» duela jakinarazi zuen. Donostiako Onkologikoan ebakuntza egina diotela ere esan zuen.

Donostiako PPren egoitzan eta Leopoldo Barreda eta Maria Jose Usandizaga alderdikideak alboan zituela jakinarazi zituen atzo San Gilek gaixotasunaren nondik norakoak eta politikagintzatik aldi baterako alboratzeko erabakia. Komunikabideen aurrean honako hau adierazi zuen: «Milaka emakumeren egoera hau erabateko naturaltasunarekin kontatzea erabaki dut». Hala, «espekulazioei eta zurrumurrei bide ez ematea» nahi izan duela azaldu zuen.

Azken hilabetean agerraldirik ez duela egin azaldu zuen; izan ere, epe horretan ebakuntza egin zioten Donostiako Onkologikoan. Ebakuntzaren ondoren «erabat indarberrituta» dagoela ere azaldu zuen, baina oraindik bularreko minbiziak hor jarraitzen duela nabarmendu zuen. Zehazki, bularrean kartzinoma bat duela adierazi zuen, eta horregatik aldi baterako utziko duela politikagintza.

«Baina oraindik ez dela amaitu ere esan nahi dizuet, une hauetan kartzinoma bat baitaukat bertan, aurreikuspen ezin hobea duena. Eta horrelakoetan, sendatzeko aukerak ehuneko ehun direla esan dit sendagileak», azaldu zuen San Gilek. Egoera hori dela-eta, EAEko PP alderdiaren presidenteak berak eta alderdikideek jendaurrean «egia» kontatzea erabaki zutela azaldu zuen, «espekulazioak amaitzeko bide onena horixe» delakoan.

Laster itzultzeko asmoz

Maiatzean izango diren udal eta foru hauteskundeetarako kanpainan ez duela parte hartuko esan zuen San Gilek, baina, hala ere, erabat ziur agertu zen alderdikideek «lan oso ona» egingo dutela eta «emaitza ezin hobeak» izango dituztela.

Nahiz eta aldi batean politikagintzatik aldendurik egongo den, EAEko PPren gidaritza lanak egin ahal bezain laster hasiko dela esan zuen.

Era berean, bularreko minbizi kasuetan, gaixoasunari «aurrea hartzeak askotan sendatzeko aukera ehuneko ehun» izatea ekartzen duela nabarmendu zuen San Gilek. «Nire kasuan horrela izan da», adierazi zuen. Hala, emakumeei deia egin zien bularreko minbiziari aurrea hartzeko izaten diren neurriei jarraitzeko.

KarTzinoma

Bularreko minbizia dela-eta, ebakuntza bat egina diote Maria San Gili Onkologikoan. Baina oraindik kartzinoma bat duela azaldu zuen, eta tratamendua hartu beharko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo