GARA > Idatzia > Editoriala

Eliseoko jauregia urrunegi dago herri eta nazio txikientzat

Estatu frantseseko herri gutxituen ordezkariek adierazpena sinatu zuten, iazko abuztuan, Cortin. Bost puntu zehatzen inguruan hartu zuten konpromisoa. Laburbildurik, Errepublikaren menpe diren herriek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dute, beren ekonomia garatzeko beharrezko diren tresnak eskuratzea, beren hizkuntzaren ofizial- tasuna, beren kulturari errespetua.... Gaur egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan herrien ahotsa guztiz isilarazi nahi zutenek, txikia bada ere, oztopoa aurkitu dute. Bretainian, Okzitanian, Korsikan, Euskal Herrian, Katalunian, Martinikan... Cortiko adierazpenak hainbat hautagairi deialdi bera egiteko balio izan du. Gaurko bozketetan lehiatuko diren hautagai gehienak -era zehatzean edo zeharka- nazio txikien ordezkariek egin dizkieten eskakizunei erantzutera behartuak sentitu dira. Eta erantzun ez dutenen isiltasuna -Sarkozy, Le Pen, De Villiers- esanguratsua da.

Autodeterminazio eskubideari buruz iritzia emateari muzin eginda maila demokratiko berean jarri dira Nicolas Sarkozy, Segolene Royale, François Bayrou.... hiru hautagai faborito. Izan ere, Royal eta Bayrou Europako Hizkuntza Gutxituen Karta sinatzearen alde azaldu dira. Bestalde, lau hautagai ezkertiarrek jarrera irekiagoa agertu dute. Olivier Besancenot LCRko hautagaiak bat egin du adierazpenarekin; Jose Bove altermondialistak herri eta hizkuntz eskubideak babesten ditu programan, eta adierazpenak egin ditu autodeterminazioaren alde; hautagai berdeak, Dominique Voynet-ek, euskararen ofizialtasuna nahi du, eta Langileen Alderdiko buruak, Schivardik, Korsika, Martinika eta Guadaluperen independentzia aldarrikatu du.

Herrien ahotsa entzun da kanpainan, baina bere oihartzuna oraindik ere zabaldu daiteke. Eliseoko jauregia oso urrun da frantziar herritar askorentzat, eta bereziki bere itzalpean bizi diren herri eta nazioen biztanleentzat. Horregatik, hainbat mugimendu independentista eta nazionalistak gaurko bozketari muzin egiteko eskatu dute. Edonola ere, lehenengo itzuli honetan garaile aterako diren bi hautagaien jarrera gertutik jarraitu beharko dute nazio gutxituek, ondorengo bost urteotan Eliseoan dagoen estatuburuak, nahitaez, zeresan handia izango duelako haren etorkizunean ere. Are gehiago legebiltzar hauteskundeen atarian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo