GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Aitziber Larrea NUPeko Gobernu Kontseiluko kidea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa: eskubideen jolastoki

Konplexuak alde batera utzita, euskal hiztunon eskubideak asetzera bideratuko diren proposamenak dira behar ditugunak eta ez irudia zaintzeko metodologiak

Unibertsitatea, euskara, Nafarroa, eskubidea, linguae navarrorum, urraketak, euskara, errespetua, trabak, borondatea... Urteak daramatzagu hitz zorabio hau askatu nahian Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ez da korapilo txikia ordea euskara estutzen duen sokak duena, eta eskuak horretara jarri ditugun arren, beste aldetik tira egiten dutenek ere gogor tenkatzen dute. Burua atzera bueltatu eta azken 20 urteetako paradoxa eta gorabehera guztiak gogora genitzake, baina horrek ez ditu sentimendu garratzak besterik berpiztuko. Beraz, burua orainean kokatuta etorkizunari begira jarriko gara.

Jo dezagun bada euskararen korapiloak egun NUPen bizi duen egoera gainbegiratzera, eta hau askatzeko eman beharreko pausoak aztertzera. Edozein egoera konpontzeko lehenik eta behin mahai gainean daudenak aztertu behar dira: euskara, euskararen plan estrategikoa 2007-2009, eskubideak, hizkuntzaren garapena, helburuak, urraketak, euskararen erabilera arautzeko jarraibideen proposamena, borondatea, baliabideak eta mugak. Hitz hauek buruhauskarri baten piezak balira, kokapenaren arabera irudi bat edo beste lortuko genuke. Goazen ba jolastera!

Euskara Nafarroako berezko hizkuntza izanik, unibertsitatean euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea bermatua izan dadin ezinbestekoa da urratsak ematea. Horretarako, unibertsitatearen hizkuntz profila definitu ostean, helburuak finkatu eta beharrezkoak diren neurri eta baliabideak erabili beharko dira hizkuntzaren garapena ziurtatzeko. Hau horrela izanik, gure puzzleak ateak irekiko lizkioke euskarari. Beste batzuek, egun existitzen diren baliabideak eta sektore euskaldunen borondatea oinarri gisa hartuta, «euskararen plan estrategikoa 2007-2009» delakoa aurkez- tu dute. Horrelako formula erabiltzean, lortzen den emaitza hurrengoa da: euskararen garapena ikasketetan eskaintza-eskaera araberako muga edukita, egungo baliabideen aprobetxamendu soila egin, gure hizkuntzari inongo etorkizunik eskaini gabe.

Baina «euskararen plan estrategikoa 2007-2009» ez dator bat desiratzen dugun puzzlearekin. Aspektu askotan salatu genuen proposamena: helburuetan, bitartekoetan, euskal komunitatearen parte hartze ezan, izaeran... zerrenda luzea benetan! Hau izan da eskaini diguten irudia. Hala ere, badakigu buruhauskarrien piezak mugituta bestelako egoera bat lortzea posiblea dela. Beraz, norabide horretan urratsak ematera gonbidatu nahi dugu unibertsitatea.

Ez zaigu zintzoa iruditzen «euskararen plan estrategikoa 2007-2009» lorpen moduan islatzea porrot borobil baten aurrean aurkitzen garenean. Zergatik porrota? Arrazoi askorengatik. Euskara batzorde oso bat dimititu ostean datorrelako, sektore euskaldunen bultzada eta babesa jaso ez dutelako, helburuetan hanka motz geratzen delako, neurri zehatzak planteatzen ez dituelako, agintaldi baten amaieran datorrelako...

Lau urte pasa dira Pedro Burilloren agintaldia hasi zenetik eta euskararen auzia konponduko zuela esan zuenetik. Euskarak ordea ez du oraindik udaberriarekin topo egin eta loratu ezinik dabil. Lau urte behar izan dira etengabeko ureztatzea behar duen loreak ur tanta soil batzuk jasotzeko? Falta dena benetako borondatea da. Irakasle zein ikasle euskaldunek agertu duten borondate berdina. Loraldia posible egingo duen ur txorrota. Konplexuak alde batera utzita, euskal hiztunon eskubideak asetzera bideratuko diren proposamenak dira behar ditugunak eta ez irudia zaintzeko metodologiak (euskararen erabilera arautzeko jarraibideen proposamena, eus- kararen plan estrategikoa...).

Errektoretza hauteskunde berri batzuen atarian dago unibertsitatea. Berriro ere euskara eztabaidagai. Bitxia da ikustea nola hizkuntza baten etorkizuna batzuk edo besteek piezekin egiten dituzten mugimenduen arabera norabide bat edo beste eraman dezakeen Euskara jolastokitik ateratzea ezinbestekoa da. Euskararen loraldia ekarriko duen puzzleak norabide bakar bat izan dezake: eskubideen bermea. Ho- nengatik guztiagatik, errektoretzarako hauteskunde hauetan ez dugu euskara alderdikerietarako erabilia izatea nahi. Ez dugu promesa antzurik nahi. Ez dugu iruzur berririk nahi. Beraz, errektore berriak izango du zeregina: unibertsitatean euskaraz ikasi eta bizitzea posible izatea helburu izanik atzeraezina izango den bidea irekitzea.

(*) Sortzen-Ikasbatuaz, LAB, ELA, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak, Kontseilua, Behatokia, AEK, EHBE, EHE eta Oinarriak-en izenean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo