GARA > Idatzia > Ekonomia

Busturialdeko garapen soziala eta ekonomikoa aldarrikatu dute

Berrehun bat lagunek Busturialdeko garapen sozioekonomikoa aldarrikatu zuten Gernikan eginiko manifestazioan. Gainbehera ekonomikoari eta «etorkizun ilunari" buelta eman behar zaiela nabarmendu zuten. Hala, erakundeei arduraz joka dezatela eskatu zieten. «Haien erantzunaren zain gaude orain", esan zuen Josu Barandikak, mobilizaziora deitu zuen plataformako kideak. Herritarrek «batasunez eta erantzukizunez" jokatu dutela gaineratu zuen.

A. LERTXUNDI |

«Busturialdean lan eta bizi» kanpainan berrehun bat lagunek manifestazioa egin zuten atzo eguerdian Gernikan, eskualdeko garapen sozioekonomikoaren alde. Egungo egoera larria dela ohartarazi zuten beste behin ere, azken urteetan jarduera ekonomikoak nabarmen egin baitu behera.

«Etorkizuna iluna da, eta horri buelta eman behar diogu. Horretarako, elkarrizketa eskatzen diegu talde politikoei», adierazi zuen Josu Barandikak, mobilizaziora deitu duen plataformako kideetariko batek.

Mobilizazioa positibotzat jo zuen, herritarrek «erantzukizunez eta batasunez» erantzun baitute. Horrez gain, kanpaina sustatu dutenen ordezkari guztiak egon zirela nabarmendu zuen. «Indarra erakutsi dugu eta hori da garrantzitsua», plazaratu zuen.

Atzoko protesta eginda arestian aipaturiko kanpaina amaitu dute; ez ordea, herri ekimena. «Aurrera jarraituko dugu. Plangintzan eta garapen sozioekonomikoan denon artean adosteko exijitzen dugu. Orain, erakundeen erantzunaren zain gelditzen gara, eta horren arabera finkatuko dugu lan ildoa», helarazi zuen.

Plataformak eginiko adierazpena 2.381 pertsonak, 1.500 langile ordezkatzen duten 13 enpresa batzordek eta 26 giza eragilek (kultura, kirola, irakaskuntza, euskara eta guraso eta auzo elkarteak) babestu dute.

«Ez da txantxa 3.881 pertsonaren babes zuzena lortu izana. Biztanleria aktiboaren %14k babestu gaitu hilabete soil batean egin dugun dinamikarekin. Eskualdean ditugun enpresa komiteetatik %80k babestu gaituzte», adierazi zuen. Joan den astean eginiko agerraldian, Busturialdeko garapen sozioekonomikoa aldarrikatzeko osaturiko plataformak egungo egoeraren analisia egin zuen.

Hedabideei emaniko azterketan, azken urteetan, 10.000 lanpostu baino gehiago galdu direla salatu zuen. «Arrantza eskual- deko sektore oso garrantzitsua zen. 1.500 arrantzale bizi ziren jarduera horretatik. Egun, kopuru hori 200 ingurukoa baino ez da; lan baldintzak, gainera, ez dira batere onak», azaldu zuten.

Nekazaritzari dagokionez, egun ia inor ez dela lurretik bizi azaldu zuen. Industrian, Gernika ingurua zer zen eta zer den orain ikusi besterik ez dagoela esan zuen. Erradiografia hori egin ostean, ekonomiaren semaforoa «aspalditik gorri» dagoela berretsi zuen plataformak.

«Ez daude herritarrei begira»

«Jendeak kanpora joan behar dugu lanera, eta etxebizitzak oso garestiak dira. Zein etorkizun dute bertoko biztanleek?», galdetu zuen. Egoera aldatzeko erakundeek ez dutela esku hartzen salatu zuen: «Bakoitzak bere interesei begiratzen die. Enpresarioak eta erakundeak ez daude herritarrei begira, beren interesei baizik».

Atzoko manifestazioarekin erakundeei egoeraren larritasunaz jabetu daitezen eskatu zieten. Xabier Enbeita eta Onintza Enbeitak bertsoak botata amaitu zuten «indarra hartzeko» balio izan duen protesta. «Hemen ez da ezer ere bukatu, lanean jarraituko dugu-eta», laburbildu zuen Barandikak.

lanpostu gutxiago

Azken urteetan, 10.000 lanpostu galdu direla eta gaur egungo plangintza falta dela salatu du Busturialdeko garapen sozioekonomikoaren aldeko plataformak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo