GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluak funtsezkotzat jotzen du belaunaldi berriak euskalduntzea

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urtero egiten duen Batzar Nagusian, ikasleak euskalduntzearen garrantziaz jardun zuten, eta Gasteizko Gobernuak egindako ikastereduen erreformari hainbat zehaztapen egin zizkioten erreforma «eraginkorra" izan dadin.

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko Batzar Nagusia egin zuen atzo Andoaingo Kultur Parkean. Bertan, iazko ikasturteko azterketa eta aurten garatuko diren ildoak zehaztearekin batera, irakastereduen erreformaren inguruko adierazpena aho batez onartu zuten.

Kontseiluak euskararen normalizazioa erdiesteko «funtsezkotzat» jotzen du belaunaldi berriak euskalduntzea; eta zeregin horretan hezkuntza sistemek berebiziko ahalegina egin behar dutela deritzo. Euskal Herria zatitzen duten gune administratibo guztietan «euskararako guztiz lorgarria den B2 Europako helburua» euskal ikasle guztiek berengana dezaten lan egin behar dela esan du Kontseiluak.

Gasteizko Gobernuaren Hezkuntza Sailak plazaratutako hizkuntz ereduen proposamenak «euskararen normalizazioan oinarri on bat» jar lezakeela uste badu ere, hainbat zehaztapen egin dizkio erreforma «eraginkorra» izan dadin.

Corpus juridikoa

Kontseiluak egindako zehaztapenen artean, euskalduntzea gorabehera politikoetatik babesteko corpus juridiko zehatza eraiki behar dela adierazten da, baita bete beharreko epe eta helburuak zehaztea ere.

Kontseiluaren ustez, hamar urteko epean ikasle guztiak erreformaren barruan egon beharko lirateke, eta horretarako ikastetxe guztiek laguntza eraginkorrak eduki beharko lituzketela adierazi du.

Epe labur eta zehatzean Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren eskaintza osorik euskaldundu behar dela adierazteaz gain, Irakasle Eskolek euskaraz lan egin beharko luketela nabarmendu du Kontseiluak, eragile horren aburuz ez baitu zentzurik euskaraz ez dakiten langileak prestatzeak.

Hezkuntza sistemak kontratatuko dituen profesionalak euskaldunak izateko exijitu du euskararen aldeko eragile horrek, eta erreformaren bilakaeraren berri eduki ahal izateko urteroko ebaluazioak egiteko eskaria egin du.

Kontseiluak erakundeei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei «indarrak bildu eta euskararen normalizazioa ekarriko duten neurri ausartak» hartzera deitu die, eta «sahiesbide faltsuak ekiditea» esan.

curriculuma

«Eskolak euskaldun osoak gizarteratzeko», hizkuntzaz harago euskal kulturari erreferentzia egin behar diola deritzo Kontseiluak, eta, hortaz, Euskal Herriak bere curriculuma behar duela nabarmendu du.

HIZKUNTZA POLITIKA

Irakastereduen ahalegina hizkuntza politika berri baten testuinguruan sartu beharko litzatekeela deritzo Kontseiluak, eta bide horretan euskarari ofizialtasuna eta lehentasuna aitortu behar zaiola esan du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo