GARA > Idatzia > Kultura

Betiko bigarrenak jantzi du txapela Arabako finalean, Oihane Pereak

San Prudentzio sariak abian jarri zituztenetik zortzi txapel jantziak zituen Otamendik, eta beste lau, Igor Enbeitak. Horietatik erdietan-edo bigarren geratuko zen Oihane Enbeita. Atzo berak kontrolatu zuen finala; berak ireki zuen bidea ofizioan; txukun aritu zen bakarkakoetan eta berak jantzi zuen txapela, bigarrenari, Iñaki Viñaspreri, hogei puntuko tartea kenduta. Iazko txapeldun Zigor Enbeitak hartu zuen ezusteko handiena, azken postuan geratu baitzen.

Joxean AGIRRE | GASTEIZ

Originala da Perea bertsotan. Atzo kabaretera tonuaz baliatuz kantatu zuen agurra, eta solte aritu zen finalean, egoera kontrolatuz. «Nire buruaz mozorrotuta, nator final honetara/ lumarik ez dut ipini baina gona dotoreak hara/ izterrik ez dut erakutsiko, geroago beharbada/ esan zidaten joan behar duzu kabaretera erara/ ta herriaren borondatea errespetatu behar da», bota zuen agurrean.

Ia hiru ordu geroago, txapela buruan zuela eta «Haizea dator» doinuarekin, honela bukatu zuen azken agurra: «Bertso eskoletan buru-belarri ari zareten neskentzat/ aita ta ama ta Norarentzat, Olatzentzat, Unairentzat/ eta bertsoa maite duzuen euskaltzale guztientzat», eta txapela beltza bota zuen airean entzuleengana.

Hiru ordu horietan denetik gertatu zen. Zortziko handian poliki ibili ziren bertsolari gehienak. Zortziko txikian igo egin zen saioaren maila. Juan Mari Juaristirekin egokitu zitzaion txapeldunari «Juan Mari, zu gauero esnatzen zara bizilagunak ateratzen duen zaratarekin» gaiarekin. «Lozorroan nengoen eta loa eten/ eta mala letxean ohetikan irten/ aizu bizilaguna musika hori ken/ zertan zabiltz gauero El Fary entzuten», hasi zitzaion Juan Mari. «Zaharra izan arren da tipo abila/ hemen antolatu dut festa borobila/ aurpegi txarra duzu, lasaitu mutila/ sartu, bertan daukazu Heineken barrilla», erantzun zion Oihanek, eta maila horretan burutu zuten bertsoaldia.

Asier eta Viñaspre

Bikain portatatu ziren Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre neurri horretan «Iñaki, aitarekin joan zara erosketak egitera, eta lotsaturik itzuli zara» gaiarekin, Asier gainetik ibili bazen ere. «Aita beti esan dizut ez nabarmentzeko/ Eroskin kondoirik zuk ez erosteko», hasi zen Otamendi. «Merkeagoak dira, gainera antzeko», hasi zuen berea aitak. «Hainbat kolore ditut eta hainbat traba/ lotsaz gain sentitzen dut barrenean traba/ azpian izkutatu beharko dut, hara/ ta gainera kajera portalekoa da», jarraitu zuen semeak. «Eta gauza bakarra gaur seguru dakit/ hobe erosi banitu zu jaio aurretik», bukatu zuen berea Viñasprek, eta «ez luke izango noski hainbeste delitu/baldin erori aurretik probatuak ez balitu», bukatu zuen maisuki hirugarrena Otamendik.

Hamarreko txikian, berriz, Manex Agirreren eta Oihanaren artekoa («Herri txiki bateko autobus galtokian, Oihane badoa eta Manex badator») txukuna izan zen. Viñasprek eta Juaristik ere maila polita erakutsi zuten erretiratuen erresidentzia batean topo egin zutelarik. Eta gauza ederrik egin zuen Asier Otamendik zigor Enbeitarekin prostituto paperean. «Hasieran zu zeuden nahiko urduria/ baina gero izan dugu une bat guria/ latigoa eta berdin urrezko euria/ dena bukatu da-ta zu zuri-zuria/ arren barka zaidazu eskuko zauria», kantatu zion lehenean Otamendik eskua bendatuta zuen Zigorri. Gaiak emanda neurri luzera jo zuten finalistek, eta hor etorri zen hondamendia. Manex Agirrek egin zuen lehen potoa, Asier Otamendik egin zuen bigarrena, Viñasprek hirugarrena eta Zigorrek laugarrena.

Oihaneri buruz ez zegoen zalantzarik. Buruz burukora pasatuko zela garbi zegoen. Bigarrenarekin zalantza handiagoa zegoen. Askok aipatzen zuten Iñaki Viñaspreren izena, eta txaloen artean lortu zuen bigarren fasera pasatzea. Viñaspre izan zen atzoko finalean txalorik gehien entzun zuen bertsolaria, adiskide andanak etorri baitzitzaizkion. Pare bat pankarta ere jarri zizkioten.

ENTZULEAK

Berezia izaten da beti Arabako finala, eta berezia da baita bertako publikoa ere. Adineko jenderik ez. Publiko gaztea, bertso eskola eta euskaltegietakoa. Eta giroa berotzeko finalisten lagunak zarataka.

Perea eta Viñasprerena, arratsaldeko onena

Oihane autoan doa gauez, eta stop egiten aurkitzen du Iñaki. Seiko motzean (Mañontzi) gai horrekin egin zuten arratsaldeko bertsoaldirik ederrena. «Gau ederra ta isila/ irten dadin borobila/ bide ertzean hau ikusi dut, piztu zait bonbila/ frenatu dut berebila/ eta nator bere bila/ nire ondoan eseri behar da halako mutila», hasi zen Oihane. «Kotxea ondoan geratu/ nahiz ta ia harrapatu/ jeitsi egin du leihatila ta egin nahi du tratu/ igotzera gonbidatu/ ta mutila goraipatu/ igo behar naiz baina, hala ere, ez ilusionatu», eranzun zion Viñasprek. «Bai, baditut hainbat duda/ kentzeko ordua heldu da/ etorri zaitez nire ondora eta igo zerura/ esan zein duzun helmuga/ eta emango dizut hura/ eraman behar zaitut laztana nahi duzun lekura», jarraitu zuen Oihanek, eta «azkar batean di-da/ pizturik daukat desira/ jarri bolantean, tira/ ta ni ondoan eseriko naiz ta zuri begira», bukatu zuen Pereak hurrengoa, kabaretean asko ibili den seinale. Kartzelakoan segurura jo zuen Oihanek, eta defendatu egin zen Viñaspre. Oihanek 599,5 puntu atera zituen; 570,5 Viñasprek; 394,5 Otamendik; 389,5 Agirrek; 383,5 Juaristik eta 378 puntu Zigor Enbeitak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo