Euskaltzaindiak Teodoro Arburua eta Eusebio de Etxalar omendu ditu
GARA | ETXALAR
Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen atzo Etxalarren (Nafarroa), bertako bi euskaltzain urgazleren omenez: Teodoro Arburua eta Eusebio de Etxalar. Horrezaz gain, Bortzirietako hizkera ere hizpide izan zuten atzoko bilkuran.
Ageriko bilkuraz gain, Euskaltzaindiak apirileko osoko batzarra egin zuen Etxalarren, baita XV. Barne Jardunaldiak ere. Orotara, hiru egun eman zituen Akademiak bertan.
Arburua eta Etxalar
Teodoro Arburua eta Eusebio de Etxalar euskaltzale etxalartarren bizitzak izan zituen hizpide Pello Apezetxeak bere mintzaldian. Biak Etxalarkoak, biak euskaltzain urgazle -Euskaltzaindia sortu zuten urte berean izendatuak, 1919ko urriaren 26an- biak euskaltzaleak. Haatik, biak ezezagunak.
Teodoro Arburua Etxalarren jaio zen, 1876ko azaroan. 36ko gerra aurretik Etxalarko apaiza izan zen, 1936ko abuztuan Etxalartik kanporatu baitzuten, arrazoi politikoengatik, bertze hainbat apaiz bezala. Arakilgo Etxarrenen egon zela diote batzuek, San Kristobaleko kartzelan izan zela beste batzuek... Apezetxeak esan bezala, 1941eko martxoan Etxalarren ageri zen berriz ere, parrokiako apez lagunkide, gerra aitzineko urteetan bezala. Hemen hil zen 1942an, 66 urte zituela.
Arburua euskaltzale sutsua izan zen: «Euskararen eta euskal kulturaren kontzientzia izan eta horren arabera jokatu zuena. Euskaraz bizi eta ukitzen zuen guztiari euskal hatsa ematen ziona. Egun arte -gaineratu zuen euskaltzainak- bere etxean kontserbatu diren gutun, ohar, abisu paperak denak euskaraz daude. Elizkizun eta katekesiaz gain, kantu eta antzerki lanak ere euskaraz egin zituen». Bestalde, Eusebi Etxalarkoa, -horixe baitzen euskaraz idazten zuenean erabiltzen zuen izena- 1874ko abenduan jaio zen. Apaiztu ostean, Lekarozen izan zen irakasle eta predikari, eta bertan hil zen 1956an, 82 urte zituela. Apezetxearen esanetan, Teologia eta Historiaz gain, ekialdeko hizkuntzak ikasteari gogotsu ekin zion, hebreera batez ere, «Hizkuntza horiek jakiteak eman zion historia eta arteko arloetan jakitatea aberasteko ahalbidea».