GARA > Idatzia > Pilota

ESKUZ Buruz Buruko Txapelketa

Barriolak Irujoren aurka jokatuko du final-laurdenetan

Atzelari nafarrak beste erakustaldi bat eman zuen Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, eta Kepa Peñagarikano inolako arazorik gabe hartu zuen mendean

BARRIOLA 22

PEÑAGARIKANO 11

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Abel Barriolak goi-mailako beste erakustaldi bat eman zuen Zarautzen, hirugarren astez jarraian, eta final-laurdenetan Juan Martinez de Irujo txapeldunaren aurka jokatzeko txartela eskuratu du. Leitzakoak hamaika tantotan utzi zuen Kepa Peñagarikano, eta buruz buru nola jokatu behar den erakusteko esku-liburu bat idatzi zuen.

Ongi sakatu, pilota fresko atzeratu, gurutzatzen asmatu eta tantoa amaitzeko aukera dagoenean lehenbailehen jokaldia egin. Bada, atzo, Barriolak arau horiek denak bikain bete zituen eta aurten txapela janzteko faborito nagusietako bat dela argi utzi zuen.

Sakearekin tanto gehiegi egin ez arren, hiru baino ez, Abelek hasiera-hasieratik erakutsi zuen ez ziola aukerarik ere eman nahi Kepari. Leitzakoa zortzi tantoko partzial bati esker 9-2 aurreratu zen. Tartean, hiru horma-biko eder eta Peñagarikano buruz gain pasatu zuen pilotakada bat.

Peñagarikano, ezinean

Peñagarikanok, bestetik, ez zuen iaz erakutsitako mailaren erdia ere ematerik izan. Bere pilota atera zuen aldietan ere, erabat gozatu ezinik ibili zen eta sakearekin ere, bere arma nagusiarekin, ez zion batere minik egin Barriolari. Lau sartu zizkion bai, baina Abelen hutsak izan ziren Keparen meritua baino gehiago.

«Partidaren gakoa horixe izan dela uste dut. Kepak normalean askoz gehiago sakatzen du, baina gaur ez du batere asmatu. Ez dakit botera gaizki jarri ote den, baina ez du tantoa behar bezala dominatu», onartu zuen Barriolak partida amaieran.

Markagailuan zertxobait hurbildu arren (10-5 eta 13-6), Kepak ez zuen aurrea hartzeko benetako aukerarik izan eta, konturatzerako, Barriolak lehia erabakita utzi zuen (17-6 eta 21-10). Azken tantoa ere atzera ongi jo eta gurutzatuta lortu zuen Leitzako atzelariak.

Abel Barriolak Irujoren kontra jokatu beharko du hemendik hamabost egunera. Oraindik ez dago guztiz argi Lau eta Erdiko finalaren errebantxa izango dena Eibarren jokatu den ala ez.

BARRIOLA

22

PEÑAGARIKANO

11

Ruizek jokatuko du Aimarren kontra, baina Kokaren lana nabarmendu behar da batez ere

Patxi Ruizek izerdia franko botata lortu zuen final-laurdenetarako txartela ostiral gauean. 22 eta 21 irabazi zion Juantxo Kokari 21-20 galtzen joan eta gero. Lizarrako atzelaria oso urduri ikusi genuen, eskuinarekin gozatu ezinik askotan, eta amaieran eskuetatik justu samar ere bai. Airez dohain ikaragarriak dituela erakutsi arren, sekulako hutsak egin zituen eta Zeanuriko zaleen txistuak eragin zituen. Juantxo Kokak, aldiz, bere bizitzako partidarik ederrena jokatu zuen, errestoan nahiz piloteoan eta oso irudi ona eman zuen. Kokak 4 tanto egin zituen sakez, eta Ruizek, 3. Partidak 340 pilotakada izan zituen eta 73 minutuko iraupena.

BENGOETXEA VI.A

Oinatz Bengoetxeak 22 eta 19 menderatu zuen Iñigo Leitza Etxebarriko Udal Pilotalekuan. Leitzako aurrelariak Sebastien Gonzalezen aurka jokatuko du final-laurdenetan hiru asteko atsedenaren ostean.

LEHIA GOGORRA

Etxebarrikoa orain artean txapelketak utzi duen partidarik gogorrena izan da. 326 pilotakada eta 71 minutu behar izan zituen Bengoetxea VI.ak hurrengo kanporaketa jokatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo