GARA > Idatzia > Mendia

mendiko lasterketak Egutegia

Nazioarteko probak helburu

Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen mendiko lasterketen egutegia bete-betea dator. Bederatzi lasterkarik osatuko dute aurten mendiko lasterketen euskal selekzioa.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Mendiko lasterketen egutegi ofiziala heldu den igandean jarriko da martxan. Eta indar handiz hasiko da abian. Izan ere, Euskal Herriko Mendi Lasterketen Txapelketa jokatuko da: Berako III. Maratoi Erdia. 400 lasterkarik 21 kilometro pasatxoko ibilbide gogorrari egin beharko diote aurre. 09.30ean irtengo dira eta bi mutur gogor, Manttale eta Larrun mendiak, gainditu beharko dituzte.

Horixe da Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatutako egutegi luze eta oparoaren lehenengo proba nagusia. Ondoren, pixkaka-pixkaka, Euskal Herriko Kopak bere ateak zabalduko ditu. Bost probek osatuko dute Koparen VI. aldia, eta Asier Lasak, federazioko mendi lasterketen saileko ordezkariak, adierazi zuenez, aurten ere lasterketa berriak sartzen saiatu dira.

Hasi, maiatzaren 20an hasiko dute, Orozko Harana II. Mendiko Lasterketarekin. Eta Kopan ere, Txapelketan bezala, hasteko bosgarren abiadura sartuko dute, 42 kilometroko maratoia egingo baitute. Ekainaren 10ean, II. Kosta Trail izango dute (30 kilometro). Astebetera, ekainaren 17an, Nafarroa aldera jo beharko dute, eta Lakuntzako III. Mendi Lasterketa izango dute zain lasterkariek bertan. Ohi den legez, 28,5 kilometroko ibilbidea izango da. Ezpeleta aldean, berriz, uztailaren 7an Les Cretes du Pays Basque proba jokatuko da: 27 kilometro eta 1.200 metroko desnibela. Eta Koparekin amaitzeko, irailaren 23an, lasterketa erregina izango da jokoan: Zegama-Aizkorri VI. Maratoia.

Irakurriaren arabera, EMFren egutegia gainezka dator. Hala ere, lasterketa ofizial hauez gainera, gure lurralde ezberdinetan beste batzuk antolatu dituzte: Aramotz, Azkoitiko maratoi erdia, Arno, Galarleiz maratoia...

Nazioartera begira

Bizkar zakua proba horiekin guztiekin bete ondoren, EMFk euskal selekzioan parte hartuko duten ordezkariak aurkeztu ditu jendaurrean. Bederatzi lagun guztira, lau neska eta bost mutil: Iñaki Lopetegi, Unai Barazabal, Marta Garcia, Oihana Azkorbebeitia, Alizia Romero, Alizia Olazabal, Ionut Zinka, Joxe Felipe Larrazabal eta Fernando Etxegarai. Bederatzi ordezkari, bai, baina hautatzaileek buruhauste handiak izan dituzte taldea osatzeko. Hala berretsi du Rosa Lasagabaster hautatzaileak: «Taldearen sendotasuna lortu ahal izateko, iazko ordezkari batzuk animatu ditugu, baina ezezkoak jaso dugu. Horrela bada, Euskal Herriko Kopako podiuma lortu zutenek zein Espainiako Kopan hirugarren sailkatu zen Iker Karrerak ez dute taldean sartu nahi izan; hots, ezezkoa eman digute. Ez dute ardurarik nahi. Guk konprenitzen dugu, baina nahigabe handia hartu dugu. Jakin badakigu denboraldia oso luzea dela, hemengo lasterketez gainera nazioartean piloa daudelako. Hori dela eta, zerrenda zabalik dugu. Igande honetan Beran jokatuko den Txapelketaren zain gaude. Espainiako Kopan puntuak lortzeko beste ordezkari batzuk behar ditugu, eta Berako lasterketan aurrean geratuko direnei egingo diegu gonbita».

Helburuei dagokienez, euskal selekzioko arduradunek argi asko dute erronka nagusiak nazioartean izango dituztela. Beste era batera esanda, batez ere haiei begira jarriko dira. Lasagabasterrek aurreratu duenez, hiru dira helburu nagusiak: «Selekzioko lasterkariak hemengo probetan izango dira, baina gure helburu nagusia nazioarteko egutegi ofizialetan emaitza onak erdiestea izango da».

FEDMEren probetan, hots, Txapelketan zein Kopan (4 proba izango ditu), Garcia, Azkorbebeitia, Barazabal eta Lopetegik jardungo dute. Eta arestian aipatu dugunez, hautatzaileak Berako lasterketaren zain dira. Europako Txapelketa zein Munduko Kopa (7 probek osatuko dute), berriz, Olazabal, Romero, Zinka, Larrazabal eta Etxegaraik korrituko dituzte. Gogora dezagun, azkenik, Munduko Koparen azken proba Euskal Herrian jokatuko dela irailaren 23an: Zegama-Aizkorri Maratoia. Opari ederra zirkuitu handi hori bukatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo