GARA > Idatzia > Mendia

ALPINISMO Miha Valic, Alpeetako laumilako guztietan

Neguko maratoi gogorra Alpeetan

Abenduaren 27tik apirilaren 7ra bitartean, Miha Valic esloveniarrak Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Federazioaren zerrendan jasota dauden Alpeetako 82 laumilakoak igo zituen. Orain arte inork erdietsi ez zuen jarduera horretan hamabost lagunek lagundu zioten.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

82 x 4.000 102 egunetan. Horixe da Miha Valicek oraintsu lortu duen errekor berria. Esloveniarrak Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Federazioaren (UIAA) zerrenda ofizialak jasotzen dituen Alpeetako laumilako guztiak hiru hilabete pasatxoan igo ditu. Eta neguan. Maratoi luzea, oso gogorra eta orain arte inork erdietsi ez zuena. Hori bai, bere benetako asmoa 82 laumilakoak 82 egunetan igotzea zen. Baina hori ezinezkoa izan da, besteak beste, eguraldiak eragotzi duelako: «Alpeetako 82 laumilakoak 82 egunetan igo nahi nituen. Asmo horrek denbora luzea zeraman Europako alpinisten buruan, eta ni lortzeko zorian egon naiz. 82 egunetan 74 gailur lortu nituen baina, eguraldi gaiztoa tarteko, azkenean 102 egunera luzatu zen». Hala ere, Valicek aurreratu du 82 mendiak 82 egunetan eskalatzea posible dela. Hor dago erronka.

Inolako zalantzarik gabe, esloveniarrak meritu handia izan du. Neguan egin den lehenbiziko saioa berea izan da eta, berak aurreratu duenez, nahiko gertu ibili da. Egin diren beste saioak udaberrian zein udan izan dira. Duela 14 urte, Martin Moran eta Simon Jenkins ingelesek 75 gailur egin zituzten 52 egunetan, baina garai haietan UIAAren zerrenda ofiziala ez zen existitzen. Geroago, eta ziur aski gogoan izango duzue, 2004. urtean, Patrick Berhault eta Philippe Magnin frantziarrek udaberrian beste saio bat egin zuten, baina 65 gailur eskuratuta zituztenean Berhault istripua izan eta hil egin zen. Eta azkena, iazko udaberrian, Franz Nicolini eta Michele Compagnoni italiarrena izan genuen. 25 mendi igo ondoren, eguraldi txarrak xedea bertan behera uztera eraman zituen.

«Neguan saiatzeak ez dauka zerikusirik udaberriko zein udako asmoekin. Urtaro horietan ez bezala, aterpe asko neguan itxita edo zaindu gabe egoten dira. Gainera, mendiak elurrez gainezka egoten dira, eta horrek zaildu egiten ditu igoerak. Horri guztiari beste ezaugarri hauek gehitu behar zaizkio: eguna oso motza da, hotz ikaragarria egiten du, haize bortitzak izaten dira eta isolamendu handian jarduten duzu. Oso esperientzia basatia da. Aurtengo neguari dagokionez, Alpeetan berezia izan da oso. Bailaretan epel egiten zuen, baina 3.000 metrotik gora elur asko zegoen. Garaiera horretatik gora benetako negua egin zuen», adierazi du Valicek.

Burua hotz

Arestian aipatu dugun legez, Alpeetako laumilakoen neguko maratoia abenduaren 27an hasi zen. Epe laburrenean ahal bezainbeste gailur eskuratu nahi zituen, denborak bere kontra jokatzen baitzuen. Denbora ezin zuen kontrolatu; mendi bakoitzean eskalatu behar zuen bidearen hautua, berriz, garbi zuen. Kronoaren aurkako erronka zenez, ezin zuen zailtasuneko biderik aukeratu. Horrela bada, ohiko bideak, errazenak, igo nahi zituen: «Bide klasikoak hautatu nituen. Nik bakarka eskalatutakoek, bederen, ez zuten zailtasun handirik. Hala ere, neguak mendi hauei beste aurpegi bat ematen die eta, errazenak izan arren, hotzak, haizeak, elurrak... samurtu ordez, gogortu egiten du igoera. Laumilako gozorik ez zegoen, horietako batzuk, behintzat, eskalada gogorrak izan ziren».

Esloveniarrak esan duen legez, benetako neguko jarduerak egin zituen. Haren ustean honakoak izan dira gogorrenak: Diable orratzen zeharkaldia, Grandes Jorasses, Mischabelgo mendiak, Schreckhorn-Lauteraahorn, Mont Blanceko Brouillard ertza...

Valic, goi mendiko gidaria izateaz gainera, goi mailako alpinista da, eta ondo baino hobeto zekien erronka horrek asko exijituko ziola. Eta bi atal zorroztu behar zituen. Lehenengoa, sasoiko egotea: ia egunero laumilako bat igo behar zuen. Bestea, burua hotz eduki behar zuen. Horrela bada, motibazioak zein erresistentzia psikologikoak erabateko garrantzia izan dute: «Fisikoki, ia egunero laumilako bat eskalatzea ez da erraza. Baina egunek aurrera egin ahala, ohartzen zara ezin duzula hutsik egin. Eta hori kontrolatzea ezinezkoa da. Zergatik hori? Bada, besteak beste, beste elementu batzuek eskuetatik ihes egiten dutelako. Hala nola, eguraldiak eta mendiaren egoerak. Eguraldia beltza zenean, makina bat ordu pasatzen nituen furgonetan, beti ispilutik begira ea noiz egonkortzen zen. Bazirudien Himalaiako kanpaleku nagusi batean nengoela. Zain eta zain, eguraldi ona itxaroten. Aparkalekuetan biltzen ziren turisten presentziak Himalaiatik Alpeetara ekartzen ninduen berriro».

«Nahiz eta zerrendako mendi batzuk bakarka egin nituen, xedeak iraun zuen bitartean 15 sokakide izan nituen alboan. Haiei esker, bidean utzitako denbora eta diruari esker, proiektu hau aurrera ateratzea lortu dut. Hori dela eta, 15 kide hauekin gogoratu nahi dut: Rok Blagus, Alenka Klemencic, Blaz Grapar, Luka Kronegger, Boris Lorencic, Gasper Rak, Tina DiBatista, Miha Lampreht, Matevz Kramer, Tadej Debevec, Vesna Niksic, Miha Macek, Blaz Stres, Klemen Gricar eta Tomaz Jakofcic».

Hauen guztien laguntzarekin, baina batez ere Valic beraren motibazio zein indarrarekin 82 laumilako 102 egunetan igotzea lortu zuen. Hasierako asmotik 20 egunek «ihes» egin diote. Jakin bazekien zaila baino zailagoa izango zela 82 mendi horiek 82 egunetan egitea, baina orain, xedea amaitu ostean, uste du egin daitekeela. Erronkak, oraingoz, egitear jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo