GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal mendien garapen iraunkorra bideratuko duen gutuna egiteko asmoa abian da

GARA |

Joan den urteko azaroan sortu Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasuna, 2003tik hona mendiaren erabiltzaileen artean sortu diren eztabaidetatik abiatuta, euskal mendien garapen iraunkorra arautuko duen gutuna egiten ari dira. Ipar Euskal Herrian diren mendiko 40.000 hektareen erabilera arautu nahi dute horrela.

Heldu den hilabetean lau gairen inguruko eztabaidak egingo dituzte mendiaren erabiltzaile elkarteen eta hainbat erakunde publikoren artean. Nekazaritza eta artzaintza, basoa eta oihanzaingoa, garapen turistikoa, eta, azkenik, ondare naturala eta kulturala izanen dira tailerretan landuko diren lau gaiak. Bilkurak, hasieran batean bailaraka eginen dira eta azkenik, Ipar Euskal Herri mailan.

Bildutako informazio guztiaren sintesia uztailean egingo dute eta irailerako lan guztia egina izatea espero dutela esan zuen Urepeleko auzapez Marie-Antoinette Etchebarrenek. Izan ere, lanposturik sortzeko beharra izatekotan diru-laguntzak eskatzeko garaia hori dela adierazi zuen auzapezak, Leader+ek eskaerak garai horretan hartzen baititu.

Bizikidetza

Gutun horren sorrerarekin mendian elkarrekin egiten diren jarduera ezberdinen arteko bizikidetza ahalik eta baldintza hoberenetan iragaitea bilatzen da. Izan ere, bizibidea mendian duten artzain eta behizainen eta asteburuetan ibiltzen diren mendizaleen eta, bereziki, ibilgailu motordunekin aritzen diren pertsonen arteko bizikidetasuna lortu nahi dute arautegi baten bitartez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo