GARA > Idatzia > Ikusmira

NUPeko errektoretzak itxaron beharko du; elkarrizketak eta aldaketak ere bai

Nafarroako Unibertsitate Publikoan errektorea hautatzeko bozketa egin zuten atzo. Bi hautagaik, Julio Lafuentek eta Antonio Puroyk, botoen %38 eta 37, hurrenez hurren, lortu zituzten eta elkarren kontra lehiatuko dira bigarren itzulian datorren maiatzaren 4an. Bozketa horrek erabakiko du zein izango den hurrengo errektorea.

Nolanahi ere, hauteskunde horietan parte hartu zuten, edo parte hartzeko eskubidea zuten guztien botoek ez dute balio bera. Irakasle funtzionario doktoreenek %54 balio baitute, irakasle horiek alde handiz talderik txikiena osatu arren. Unibertsitateko kolektiborik handienaren botoek, ikasleenek, ordea, %20 baino ez dute balio. Hartara, ez dute beren ikaskuntza ereduan eraginik izateko inolako aukerarik. Etorkizuneko gizartean eragin handia izango duten herritarren prestakuntza eredua bakan batzuen eskuetan dago, beraz.

Hautaketa modu hori unibertsitate ereduaren erakusgarri ere bada. Ikasleek eta Unibertsitateko sektore zabal batek erabakitzeko eskumenik, are eztabaidatzeko eskumenik ere ez duteneko eredua. Haien eskakizunei muzin egin diete orain artean eta errektore berriak, edozein izanda ere, muzin egingo die. Bestelako Unibertsitate Baten Aldeko Hitzarmena bultzatu duten ikasle, irakasle eta langileek hautagaietako birekin bildu ziren, Lafuenterekin eta Cabasesekin, hain zuzen, hauteskundeak baino lehen, Purroyk ez baitzuen haiekin bildu nahi izan, eta beren eskakizunak aurkeztu zieten, bozketa sistematik Bologna prozesura, euskararen egoeratik hainbat zerbitzu pribatizatzera zabalten diren eskakizunak. Baina hautagaiek zenbait puntutan beren adostasuna erakutsi bazieten ere, ez zioten bati ere baiezkorik eman. Horiek horrela, Ikasle Abertzaleak taldeak beste «kandidatura» bati bozkatzeko eskatu zuen, beraiek banatutako papeleta berezien bidez. Boto horiek ez dute balio sinbolikoa baino, baina egin beharreko galdera hau da: ikasleei zer aukera eskaintzen dieten.

Bestelako Unibertsitate Baten Aldeko Hitzarmenaren bultzatzaileek eztabaida eskatzen dute, Unibertsitateak aurre egin behar dien arazoen gaineko eztabaida. Eta, izan ere, badira Euskal Herriko unibertsitateetan eutsi beharreko erronkak, hala nola, Bologna prozesuaren eredua, euskara eta Unibertsitatearen kontzepzioa bera. Gizarteak argi izan behar luke Unibertsitatea gizarte osoaren kontua dela, eta ez bakan batzuena, eta are gutxiago interes jakin batzuk mesedetzera bideratu nahi denean. Unibertsitate eredu guztiak eztabaida daitezke, jakina, baina gizarteari eztabaida bera osten dutenena gutxienik susmagarria da. Eta, nolanahi ere, eredu inposatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo