Transgenikoen kontrako kolektiboaren informazio lanak aurrera jarraitzen du
Apirilean sortutako OGMren kontrako Euskal Herriko kolektiboa komunikabideetara salto egin zuen apirilaren 13an Aiziritzen dagoen Lur Berri kooperatiba okupatu zuenean. Itxialdi horren ondorio izan zen, kooperatibak bere hazi transgenikoak saltzeko luzamendua egin zuela hauteskundeen hurrengo egunerarte eta bestalde presidentzialetarako hainbat hautagaien sostengu jaso zutela. Arrakasta horren ondoren kolektiboak lanarekin aurrera jarraituko du.
Idoia ERASO |
Astelehen gauean, Lur Berri kooperatibaren itxialdiaren ondoren, egin zuten Heletan kolektiboak egiten zuen lehen batzar orokorra. Aiziritzeko kooperatibaren egoitzan ehun bat pertsona ziren eta antzeko kopurua joan zen Heletako biltzar horretara ere bai.
Transgenikoen kolektiboaren lanarekin inolako zalantzarik gabe jarraituko dutela adierazi zuen taldeko kide Jon Harlouchetek: «Lehen urratsa okupazioa izan da, orain lortu dugun iratzartze horrek untsa erakusten du gaia arlo politikora eraman behar dela». Estatu frantseseko presidentetzarako bildu diren bozen %55ek OGMren luzamendu baten alde dauden hautagaientzat izan direla eman du aditzera kolektiboak.
Kanpainarekin aurrera jarraitzeko lehentasunak bi helbururen gainean ezarri dituztela azaldu zuen Harlouchetek: «Ondoko hamabost egunetan hauteskunde kanpaina da eta transgenikoen eztabaida mahai gainean jarraitzea lortu nahi dugu. Bestalde, ondoko hiru astetan landatuko dituzte artoak eta guk informazioa banatu eta presioa eginen dugu hazi transgenikoak erein ez daitezen».
Helburu horiek betetzeko herri zaintza bat antolatuko dute transgenikoak eta lurretan landatu diren jakiteko ondoren, behar izatekotan, kolektiboaren inguruan antolatu den abokatuen taldearengana jotzeko eta akzio legalak abiatzeko. Informazio bilkurak ere antolatuko dituzte Ipar Euskal Herriko herrietan heldu den astetik goiti.
Laborarien eskubidea
Jon Harlouchet nekazariak bere sektoreko langileen ikuspegia ere eman zuen: «Laborariek behar dute eskubidea izan OGMrik gabe ereiteko. Eta guk eginahalak eginen ditugu hori errespetarazteko. Zaintzaren bitartez, analisien bitartez eta ekintza juridikoen bitartez errespontsabilitate eskasa duten laborariei haien ardura betearaziko diegu». Jokabide hori «defentsa estrategia» bat besterik ez dela ere nabarmendu zuen Harlouchetek, arto transgenikoa eta biologikoa toki berean ezin direla landatu argi gelditu baita. Horretarako Nafarroa eta Aragoiko adibideak aipatu zituen.
Transgenikoak zein lurretan landatu diren jakiteko herri zaintza antolatuko dute eta ondoren, behar izatekotan, kolektiboaren inguruan antolatu den abokatu taldearengana joko dute akzio legalak abiarazteko.