GARA > Idatzia > Alaves

Taldea ez da markagailua aurka jarri zaionean garaipen bat lortzeko gai izan

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

«Gol bat sartzen digutenean blokeatuta bezala geratzen gara», esan zuen Gasparrek astelehenean eta, egia esan, ez zaio arraziorik falta atzelari andaluziarrari. Joan den igandean aurka jarri zitzaien 0-2koa berdintzea lortu zuten Numanciaren aurka, baina gasteiztarrek ez dute denboraldi osoan, 34 partida jokatuta, aurkaria markagailuan aurreratu zaienean, partida bakarra irabazi.

Sailkapenean azken postuetan eta Bigarren B Mailara kondenatuta dauden Vecindariok eta Lorcak, esaterako, eman diote dagoeneko buelta emaitza bati eta Bigarren Maila guztian beste bi baino ez dira gasteiztarren egoera berean daudenak, Tenerife eta Ponferradina.

Sei berdinketa

Markagailuan atzetik ipintzeak arazo asko ekarri dizkio Pitermanen taldeari aurten eta, halakorik gertatu denetan, sei berdinketa baino ez dituzte esku- ratu -Elche, Cadiz eta Albaceteren aurka bana eta Almeria, Albacete eta Numanciaren aurka bina-, gainontzeko hamabi aldietan porrota jaso du Alavesek.

Alderantzizkoa, hau da, irabazten hasi eta partida galdu, birritan gertatu zaie babazorrei. Herculesen aurka Aloisik partidako bigarren minutuan aurreratu zituen gasteiztarrak baina bigarren zatian hiru gol egin zizkieten Alicantekoek eta burumakur itzuli behar izan zuten etxera. Are gogorragoa izan zen El Ejidon jasotako porrota. Ogbechek 21. minutuan egin zuen 0-1ekoa, baina sei minututan partidari buelta eman zioten andaluziarrek, eta 5-2 irabazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo