Mikel Aramendi Kazetaria Jesus Valencia Educador social
«Mission accomplished"
Harrokeria ez da inoiz bertute militarra izan. Berez, kode moral gehienek diote harrokeria ez dela inoiz bertute gizakiongan. Moralistak (eta futboleko entrenatzaileak) alde batera utzita, haatik, ez dut uste harrokeriaren aurka pentsalari militarrek baino gehiago inork teorizatu duenik. Jo dezakezu Txinako klasikoengana nahiz Mendebaldeko gerra historialariengana, ideia bertsua aurkituko duzu, orrialde luze edo esapide laburretan mamituta: ez dago etsai kaxkarrik, ez eta gerra errazik. Batez ere arrazoirik ez duzunean. Milaka adibide daude historian harro indartsuen zoritxarraz hausnarketa egiteko.
Gainera, Bush lehendakariaren kasuan, herritarren zuhurtziaren gaztigua zegoen, aldez aurretik. Parabola seguruenik aspaldikoa da, auskalo noizkoa, baina iragan hamarkadan zabaldu zen mundu osora internetez. Badakizu: badoa Estatu Batuetako Itsas Armadako gerraontzi handienetako bat behelaino itxiaren pean Ternua aldeko itsasoan, hurbil duen beste baten seinalea bere radarrean kausitzen duenean... Hortik aurrerako elkarrizketaren txistea gogoan izango duzu. Ustezko gertaerari data zehatza ipintzen dionik baden arren, pasadizoa mito urbanoa baino ez dela esaten dute «ikerlariek». Berdin zaio: kanadar itsasargizainari mehatxu egiten zion gerraontziaren izena bat eta bera da txistearen bertsio guztietan, Estatu Batuetan behintzat: USS Abraham Lincoln (CVN-72) hegazkin-ontzi erraldoia. Bihar lau urte, Bushek «Mission accomplished» mezua aldarrikatu eta Irakeko gerra amaitutzat emateko erabili zuen gerraontzia, alegia. Harrokeria militarraren aurkako ipuin hargatik besterik ez balitz ere, agintari zuhur batek ez zukeen inoiz USS Lincoln harroaren gainera joko gerra bat amaitutzat emateko. Are gutxiago emango zukeen agintari zuhur batek amaitutzat, hasi eta berrogei egunetara, Irakekoa bezalako gerra bat... Lau urte beranduago, misioa «bukatzeko» asko falta delako Kongresua eta Senatuarekin gerraontziko kapitaina itsasargizainarekin bezala aritu beharko zuela susma zezakeelako.
Gutxienez, Ternuako egun mitiko hartan bezala behelaino itxia egon balitz 2003ko maiatzaren 2an USS Abraham Lincoln-a San Diego badian sartu zenean... Hartara behintzat inork ezingo zuen atera historiarako geratu den argazki lotsagarria, Mission accomplished zioen pankarta dorrean zeramala. Duela lau urte.