GARA > Idatzia > Hemeroteka

LARRUN | Koldo Alduntzin Euskal Herria.

Herri kirolen geroa, kezka eta asmoen iturburu

Heri kirolen egungo egoera eta horien etorkizuna aztertzerakoan, lehen-lehenik esan beharra dago ez dela kirol bat, hamasei baizik. Alde batetik ezagunenak direnak ditugu, hots, aizkora, harri-jasotzea, sokatira, sega eta trontza edo arpana. Bestetik, Iparraldeko jokoak izenarekin dira ezagunak; hau da, garai batean Ipar Euskal Herrian egiten zirenak gehienbat; hots, lasto-altxatzea eta jaurtitzea, zaku-eramate lasterketa, lokotx-biltzea, orga jokoa, ingude-altxatzea eta marmita edo txin- ga-eramatea. Beste sail batean, berriz, probak jarriko genituzke; besteak beste, idi, zaldi-mando, asto eta giza probak. Azkenik, orain dela ez asko berreskuratu den barrenlarien jokoa aipatu behar da.

Bistan denez, kirol horiek guztiek zerikusi gutxi dute bata bestearekin, probek salbu. Ondorioz, ofizialki denak batuta agertzen bazaizkigu ere, kirol bakoitzak bere azterketa eta diagnosia egitea eskatzen du. Izan ere, kirol batzuek besteek baino zailtasun handiagoak dituzte etorkizunari begira, baldintza bihurriak direla-medio. Gainera, aintzat hartu behar da gutxiengoak egiten dituen kirolak direla.

Hala ere, euskaldunok aspalditik gure egin ditugun kirolak dira, eta, horrexegatik, kultur ondare ere bilakatu dira. Hain zuzen, kirol-kirolak izateaz gain, herri honetako agintari eta arduradunek oso kontuan hartu behar dituztela deritzogu, eta, ahalik eta gogorren bultzatu.

(...) Aurreko guztia aintzat hartuta, hauexek izango lirateke hainbat aukera herri kirolak suspertzeko:

Herri kirol eskola gehiago sortu, ikastetxeetatik at.

Hezitzaileak eta materiala ziurtatu.

Kirolarien konpromisoa eta leialtasuna bultzatu.

Heziketa-transmisioa ziurtatu.

Gaztetxoen heziketa behar bezala bideratu, ez soilik helduen lehiakortasunera bideratuz.

Heziketaren eguneratzea aintzat hartu.

Motibazioa ziurtatu, monotonia hautsiz eta gozamena bultzatuz.

Teknifikazioa landu.

Jaialdiak, programak eta jarduerak landu eta ugaritu.

(...) Azkenik, ezin da ahaztu Eusko Jaurlaritzak Herri Kirolen Plan Estrategikoa abian duela, baina ohi bezala, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria alde batera uzten dituela. Horregatik, Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen elkarte, erakunde edo dena delakoa sortu behar da, non Ipar Euskal Herria eta Nafarroa ez dirern izango EAEko Federazioaren gonbidatu soilak, balizko elkaete edo erakunde horren partaide aktiboak baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo