Antzerkia, haurrei ikasgela barruko gatazkak nola gainditu irakasteko ariketa berriena
Antzerkiak aisialdi hutserako baino gehiagorako balio duela kontu ezaguna da, baina gure artean, behintzat, inor gutxik zekien ikasgela barruko gatazkei edo «bullying" ezagunari aurre egiteko ere erabil zitekeenik. Horixe irakatsi digu Orla Hassonek Iruñean.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Iruñean antolaturiko jardunaldi pedagogikoetan izan zen asteazkenean Orla Hasson irlandarra. Urtarrila eta otsaila bitartean Euskal Herrian lehenengoz egin zuten esperientzia baten berri eman zuen, eta orain artean, «oso emaitza positiboak» izan dituela adierazi zuen.
Berak eta inolaz ere aipatu gabe utzi nahi ez dituen bi lankideek -Intxizu Bengoa eta Zigor Bilbao aktoreak- «forum antzerkia» delakoaren aldaki bat ekarri zuten Euskal Herrira Arantzazuko Baketik zentroaren eskutik, eta orotara, 7 eta 12 urte bitarteko 1.200 bat haurrengana iritsi ziren.
Adin hori oso egokia zela adierazi zuen, ordura arte ez baita bullying-aren berririk izaten, eta ordutik aurrera nabarmen aldatzen hasten baitira haurrak.
Antzerki horrek 70eko hamarkadan Augusto Boalek sortu zuen «zapalduaren antzerkia» du oinarri, eta bere helburua gizarteko zenbait arazoren gainean jendea kontzientziatu eta jarrera positiboagoa hartzera bultzatzea da. Euskal Herrian ezagutu aurretik, mundu osoan hainbat gai lantzeko baliatu dute «forum antzerkia»: Afrikako hainbat herrialdetan hiesaren gaineko hezkuntzarako erabili dute; Europako ekialdean helduen hezkuntzan komunitatea garatzeko; Londresen etxerik gabeko pertsonen arazoa lantzeko; Indian gizarte egoeraz hitz egiteko, eta beste egoeretan. Horietan oinarri- tuta, Hassoni bullying-ari buruzko obra bat egitea proposatu zioten, eta hortik sortu zuen «Sararen istorioa» izeneko antzezlana. Irlandan arrakasta handia izan zuenez, Euskal Herrira etortzeko eskaria egin zuten.
ikasleak ikusle-aktore bihurturik
Forum antzerkiak bi zati ditu Hassonek berak azaldu zigunez: lehenengoan ikaskideek tratu txarrak egiten dizkioten haur bat ageri da, eta azkenean, egoera horrek beharturik, obrak amaiera «negatiboa» du. Hori amaitutakoan, Hassonek eta taldekideek eztabaida bat sortzen dute ikasleen artean obraren amaiera negatiboa izan ez dadin zer egin beharko litzatekeen galdetuta. Jarraian, proposatutako aldaketak txartel txiki batzuetan idatzi, bizpahiru aukeratu eta antzeztu egiten dituzte. Antzezpen horretan, baina, haurrek egiten dituzte aktore lanak. Gehienetan zapalduaren paperean jartzen direla zehaztu zigun Hassonek, baina zapalduaren lagunen edo zapaltzailearen rolean ere jartzen direla noiz edo noiz.
Hala bada, ikasleak lehenengo zatian «isil-isilik eta guztiz geldi» egotetik, bigarrenean protagonista izatera igarotzen direla azaldu zuen irlandarrak, eta izugarri ongi sartzen direla paperean.
Horrek nahi adina eta nahi bezalako aldaketei bidea irekitzen diela nabarmendu zuen Hassonek, eta hargatik aktoreek edonola jokatzeko prest egon behar dutela. Amaieran, berriz ere eztabaida planteatzen dute hartutako neurriak aztertzeko; eta behar izanez gero, beste batzuk planteatzeko. «Beti agertzen dira proposamen interesgarriak», adierazi zuen.
Antzerki saioak egin eta egun batzuk pasatu ondoren, irakasleekin hitz egiten dutela ere aipatu zuen Hassonek, eta askotan, ikasle batzuek jarrera nabarmenki aldatzen dutela.
Orain, irailean berriz ere hona etortzeko laguntza bila ari direla aipatu zuen Ikastolen Konfederazioak gonbidatuta ateazkenean Iruñean izan zen irlandarrak.
Iker IRIARTE