GARA > Idatzia > Kultura

Ines INTXAUSTI Telebista kritikaria

Erakustearen inbertsioa

Erakusten amaitzen dutenak porrot egin dutenak omen dira. Gehiago nahi baina ezin izan dutenak. Halaxe entzun nuen ikasle nintzen garaian irakasleen gaineko tertulia «jakintsu» eta «adituen» arteko batean.

Bidea erakusten jakitea ez da erraza izaten. Erakutsi nahi izateak bere indarra behar duelako batez ere. Igandero ari dira Juanmartini euskararen bidea erakutsi nahian. Beste bide batzuk jorratuz erakutsiko al dizkiote erakutsi beharrekoak! Filmaren jarraipena omen da. Ba... ez gabiltza oso txukun. Filma egin zutenean orain telebistan ematen ari diren kapituluak ere grabatu zituzten, denak batera, zakua zabaldu eta sartu grabaketa orduak zaku horretan, eta gero atera zatitxo batzuk filma egiteko eta moztu zatitxoak eta elkarren ondoan jarri. Horixe izan zelako filma, pertsonaia batzuk galduta eta besteak aurkitu gabe; batzuk ezagunak eta besteak ihesean... guztiak arrakastaren gerizpean, egindako bidearen babesean, erakusterakoan ikasi beharrean, ikusita eta genekiena biltzen. Eta ez naiz antzerkiaz ari. Orain, filmean ikusitakoari lotura ematen saiatuko al dira telebistako kapitulu hauetan?

Lan korapilatsua dute aurretik. Proiektu bera aprobetxatu produktuari etekin handiagoa ateratzeko asmoz. Ahalik eta gutxien inbertitu eta irabazi handiak lortzeko asmoz. Logistikan aditua izan beharrik ez dago.

Proiektu bakoitzak berea behar du eta beldur naiz hau ez ote den metro luzeko proiektu harekin nahasteagatik kakaztu. Bere txikitasunean ere handiak izan litezke gauza batzuk. Antzerkiaz ari ninteke orain, bai. Hori da abilezia, hori da jeinu izatea, eta zin dagizuet inguru honetan, txikia izanda ere, talentu handia dagoela. Baina ezin dugu talentuaren izenean harrapatzen dugun guztia aprobetxatzen ibili.

Erakusten amaitzen duenak gehiago ikasi nahi du. Ikasteak ez duelako amaierarik, eta erakusteak, aldiz... Ikasteko modu zoragarriena erakusten saiatzea delako. «Kutsidazu»k erakusten jarraitu beharko du ikasi duela frogatu ahal izateko. Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo