Gaztetxearekin lanean, irrati izatetik harago doa Koska
Algortako Txorimalo gaztetxearen lehen urtebetetze festan izan zen Koska irrati librea, eta, uhinen bidezko emanaldiez gainera, jaialdiko irudiak ere bildu zituzten kideek. Orain gutxi, sarean jarri dute ospakizunaren inguruan osatutako bideoa.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Hedabide «klasikoetarako» -izan telebista, irratia edo paperezkoa-, ezinbesteko bilakatu da euren edukiak sarean jartzea eta, horrez gainera, ohiko formatuetan ematen ez dituzten berriak plazaratzea. Eta horretan ari da Algortako Koska Irratia ere. Iragan den hilabetean, bideokamera eskuartean zutela azaldu ziren Txorimalo gaztetxearen lehenengo urteurren ospakizunera, eta bertan bildutako irudi mordoxkarekin ikus-entzunezkoa osatu ostean, Internet bidez edonork ikusteko moduan jarri dute.
Hamar minutu eskaseko bideoan, jaialdiaren prestakuntza prozesua agertzen duen erreportajea osatu dute lankideek (euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin), eta gertakizunen berrazterpena egin dute: arrautzopil txapelketa, kontzertuak, aldarrikapenak, auzotarren eskutitza... Ekitaldiaren berri zuzenean eman zuten Koska Irratiko kideek, eta audio hori oinarri hartuta eraiki dute bideoa. Hartara, egunaren buruan egindako elkarrizketetatik -Konter eta Skama La Rede musika taldeetako kideei eta antolatzaileei, besteren artean- abiatuta, gaztetxeen beharraz eta horiek gizartean betetzen duten funtzioaz ere mintzatu dira. Eta, bi egun eskasetan, zortziehun bisita izan dituzte.
Bideoaren ekoizpenari buruz galdetu, eta irratiko kideek garbi esan dute: «Ez dugu esango sekulako planteamendua egin genuenik; bost minutuan hitzartu genuen irudiak hartzea, eta hurrengo egunera arte ez ginen ohartu eskuetan genuenaz. Orain gutxi editatzen ikasi genuen eta, irratiko audio eta kamerako irudiekin jolasean, ia ustekabean hasi ginen bideoa egiten». Bi pertsonaren artean, lau egunean -«26-30 aisialdi-ordu»- eta «batez ere gogo eta ilusio handiarekin» osatutako lana, beraz, funtsean irratiko audio-grabazioaren eta ohiko argazki kamera digital batekin hartutako irudien doiketatik sortua. «Irakaspen minimo batzuekin -esan dute- gauza politak egin daitezke eta, gainera, egun eskura ditugun bitartekoak ez aprobetxatzea... Txorakeria izango litzateke». Emaitza YouTube-n jarri dute, eta Koskaren webguneko zuzeneko loturatik ere sar daiteke bertara.