«Zeharrolak", Urola Garaian burdina jaun eta jabe zen garaia
«Zeharrolak Urola Garaian" plazaratu berri dute Antxiñe Aranburuk eta Birjinia Etxeberriak. Liburuan, modu dokumentatu bezain didaktikoan ematen dute XIII. eta XIX. mende bitartean Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako bizitzaren ardatza izan ziren burdinolen berri.
Martin ANSO | LEGAZPI
Legazpi hitza XIII. mendean agertu zen lehen aldiz idatzita, eta ez kasualitatez burdingintzarekin zerikusirik duen agiri batean. Izan ere, langintza horri antzina-antzinatik ekin zioten Urola Garaiko bizilagunek. Beraz, oso zuzen zebilen Joan Bergara izeneko testigu bat 1412ko epaiketa batean zera adierazi zuenean: «Bailara honetan burdina landu izan da jentilen garaitik, kristauak izan aurretik, alegia». Horren lekuko dira egun ere Legazpi, Zumarraga eta Urretxu inguruko mendietan ikus daitezkeen hainbat aztarna.
Alabaina, Antxiñe Aranburuk eta Birjinia Etxeberriak azaltzen duten bezala, mendietako aztarna horiek haizeolei dagozkie, hots, «haizearen bidezko eragintza sisteman oinarritutako burdinolei». XIII. mendean, berriz, burdingintzan uraren indarraz baliatzeko teknologiaren jabe egin ziren eta zeharrolak sortu zituzten. Horien funtzionamendu eta mendez mendeko bilakaeran zentratuta dago Aranburuk eta Etxeberriak, Legazpiko Burdinaren Euskal Museoa kudeatzen duen Lenbur Fundazioaren eskutik, plazaratu berri duten liburua.
«XV. mendean -adierazi dio GARAri Birjinia Etxeberriak-, Urola Garaian hogei bat zeharrola zeuden. XVI. eta XVII. mendeetan, berriz, horietatik asko itxi zituzten; aurrera egin zutenak nabarmen indartuta atera ziren, ordea». Hori izan zen Olaberria, Bikuña eta egun ere martxan ikus daitekeen Mirandaolakoa.
Hasieran, zeharrolen jabegoa oso banatuta zegoen. Normalean, zeharrola bat hainbat «partzionero»ren esku zegoen, eta partzionero horiek zuzen-zuzenean parte hartzen zuten eguneroko lanetan. Denboraren poderioz, ordea, jabegoa familia boteretsuen esku geratu zen. Olajaun berriek ez zuten zuzenean eguneroko lanetan parte hartzen, noski, eta, errenta baten truke, zeharrolen ardura maizterren esku utzi ohi zuten. Maizter horiek ferroi edo olagizonak ziren. Ba ote zegoen olaemakumerik? «Bakarren bat, bai -horra liburuak aipatzen duen Ana Arriaranen kasua-, baina salbuespena da, alargun geratu zelako-edo. Horrelako ardurak emakume batek hartzea oso arraroa zen, baina ez bakarrik burdingintzan, baizik eta garai hartako ontzigintzan, merkataritzan eta, oro har, gizartean», ohartarazi du Etxeberriak.
Labe garaiak sortu zituztenean, XIX. mendean, zeharrolenak egin zuen edo, hobeto esan, beste industri jarduetarako birmoldatu zituzten. Gipuzkoan burdingintzan aritu zen azkena Legazpiko Bengoleakoa izan omen zen. 1864. urte aldera itxi zituen ateak.
Aranburuk eta Etxeberriak adierazi dutenez, zeharroletan burdinaren lehenengo eraldaketa baino ez zuten egiten, totxoak-eta baino ez zuten ekoizten, alegia. «Totxo horietatik abiatuta, iltzeak, armak eta era guztietako lanabesak egiten zituzten, baina ez zeharroletan bertan, beste sutegietan baizik, sutegi horiek, askotan, zeharrolen ondo-ondoan bazeuden ere», esan du Birjinia Etxeberriak.
Burdinaren kultura
Baina sutegi horiena beste historia bat da, beharbada Antxiñe Aranburuk eta Birjinia Etxeberriak berandu baino lehen jorratuko dutena. Izan ere, «Zeharrolak Urola Garaian» Lenbur Fundazioak burdinaren kulturaren berri emateko sortu duen «Larremetala» bildumaren barruan sartzen da. Lenburrek, hainbat artxibategi arakatu ondoren, Urola Garaiko burdinolen inguruko datu basea sortu du, XIII. eta XX. mende bitarteko 7.000 erregistrotik gora dituena. Datu base hori oinarritzat harturik, burdingintzaren hainbat atal azaltzea du helburu «Larremetala»k. Bildumako lehen liburua «Burdinlariak» izan zen, burdingintza tradizionalari lotutako lanbideei buruzkoa. Hura ere Aranburuk eta Etxeberriak idatzi zuten. Orain zeharrolei egokitu zaie txanda, eta hemendik aurrera beste hainbat atali egokituko zaie.
XIII. eta XIX. mende bitartean, zeharrolak izan ziren Urola Garaiko bizitzaren ardatza. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan hogei zeharrola inguru zerrendatu dituzte.