«Tigre tamildarrek" Colomboren aurkako erasoa egin dute
GARA |
Tamil Aberriaren Askatasunerako Tigreak erakundearen hegazkin bik Colombo hiriburua bonbardatu zuten atzo. Aireko indarren erregai ontzi biri eraso zieten, eta armadak tiroketa batekin erantzun zuen. Zazpi lagun zauritu ziren, oposizioaren arabera.
Bonbardaketa gauerdian izan zen, eta erasoak eragindako alarmaren erdian, Gobernuko segurtasun indarrek aire defentsa sistemak aktibatu zituzten. Hiriburua argindarrik gabe izan zen bi orduz, eta kaosa eta beldurra nagusitu ziren 600.000 biztanle dituen hirian, Gobernuko indarren leherketek eta tiroketek gerrillak hiri osoari eraso ziola pentsarazi baitzuten.
UNP oposizioaren lehenengo alderdiaren arabera, etxe batzuk kontraeraso horrek jo zituen, eta bost zibil eta soldadu bi zauritu ziren. Gobernuko indar militarrek «helburuan huts egin zutela, bereizi gabe tirokatzen hasi zirela, eta erasoak iraun bitartean ez zela lidertzarik izan kritikatu zuen oposizioko alderdi nagusiak.
Gobernuak ez die kritikei erantzun, baina erregai ontzi baten ondoan bizi ziren mila familia inguruk alderditik alde egin dutela onartu zuen, bonbardaketa gehiagoren beldur zirelako.