Filipe Bidarten hitzak Baigorriko plazan zabaldu ziren
Nafarroaren eguna edo nafar guztien elkargunea berriz ere ospatu zuten atzo Baigorrin. Urteroko itxura hartu zuen, beraz, Nafarroa Behereko herrixkak. Baina, ohiko egitarautik kanpo, atzo, parte-hartzaileek ustekabe bat izan zuten: Filipe Bidarten mezua. Telefono dei baten bidez, zuzenean, baigorriarraren hitzek emozioz bete zuten herriko elizako plaza.
Goizeko mehatxuzko hodeiek eta bezperako ekaitzek ez zuten atzo Baigorrin urtero hedatzen den besta giroa oztopatu. Eta, berriz ere, euskal herritar guztien eta, bereziki, nafarren elkargune bilakatu zen herri txiki hura. Goizetik, baita bezperatik ere, Euskal Herri osotik bertaratutako herritar asko ibili zen.
Atzo, beraz, milaka lagun izan zen Baigorrin, gaua arte, giroa bazter guztietan zabaltzen. Herria txiki geratu zen, beraz, aurten berriz ere. Eta, herriko plazetan doi-doi bildu ziren bertaratutako herritar guztiak. Baina, oztopoen gainetik, eguna aldarrikapenez beterik eta oso lasai igaro zen.
Ohi bezala, hamaikak aldera hasi zen besta urteroko gaita-jole, erraldoi, fanfarre eta dantzariek desfilea eginda. Plaza nagusitik eliza arteko ibilaldia egin zutelarik, bertaratu ziren guztiei azken toki horretan hitzordua emana zieten ekitaldi nagusia egiteko.
Baigorrin gaita-jotzaileen doinuak nagusitu ziren elizako pilotalekuan, eta Basaizea elkarte antolatzailearen ekitaldiari hasiera eman aurretik, Jon Elortzak eta Unai Iturriagak bertsoak bota zituzten.
Iragana aipagai
Eguerdia zen hitza hartu zutelarik. Eta, orduan, parte-hartzaileek eguneko ezustekoa izan zuten: Filipe Bidarten ahotsa entzun zuten. Hitza hartzea aurrez ikusia bazen ere, baigorriarraren hitzek emozioz bete zituen bazterrak, eta, Nafarroaren Egunaren iraganera itzultzeko tartea eman zuen.
Gaur egun milaka lagun elkartzen dituen egun horren jatorria aipatzen hasi zen Felipe Bidarte adierazpenen hasieran, eta geroztik «bide asko egin» dela nabarmendu zuen.
Lekuko ikastolako gurasoek prestaturiko apairuan, berriz ere, mila berrehun bat lagun elkartu zen.
Karparen azpian iragaten zen bazkari horretatik musika eta abestiak zabaltzen ziren bitartean, kanpoan, bazter guztietan, jakiak eramanak zituzten beste milaka lagun ibili ziren. Nafarroaren Eguna, beraz, lasaitasunean eta giro onean igaro zen gau iluna arte.
Ainize BUTRON