Harri-jasotzaileak Urrezko lehiaketa
Zelailuzek eta Ostolatzak garaituta ekin diote aurtengo txapelketari
J.L. | DONOSTIA
Urrezko harri-jasotzaileen lehen jardunaldia irabazi zuten Ostolatzak eta Zelailuzek, Urrutiaren eta Eizmendiren aurka. Azken horrek Izeta III.arekin jokatu behar zuen, baina aiarra ongi ez zegoela-eta, haren ordez aritu zen leitzarra. Dena dela, Izeta III.ak etzi jokatuko duen saiorako prest egotea espero da.
Harri guztiekin bi minutuko lana zuten kirolariek, eta hasteko, 125eko zilindro berriarekin ekin zioten. Horri, Ostolatzak 22 jasoaldi eman zizkion (2.750 kilo), eta jasoaldi bat gutxiago eman zion, aldiz, Eizmendik (2.625 kilo).
Hori amaitutakoan, 100eko zilindro zaharra izan zuten lanerako, eta Zelailuzek 23 jasoaldi eman zizkion (2.300 kilo); bi gehiago Eizmendik (2.500 kilo). Bi harri jaso ostean gauzak nahiko estu zeuden, baina hortik aurrera erabaki zen.
Ondoren, 113ko kubikoarekin aritu ziren, eta biko bakoitzeko harri-jasotzaileak minutu bat zuen lanerako, denbora geratu gabe egiten baitzuten txanda. Ostolatza eta Zelailuzek 21 jasoaldi eman zizkioten (2.376 kilo), eta 18, Eizmendik eta Urrutiak (2.034 kilo).
Azkeneko lanean 100 kiloko bola erabili behar zuten txanda librean. Hor, 29 jasoaldi (2.900 kilo) eman zizkioten Ostolatzak eta Zelailuzek, eta 26, Urrutiak eta Eizmendik (2.600 kilo).
Denetara 10.326 kilo jaso zituzten Ostolatzak eta Zelailuzek, 95 jasoaldi, alegia; eta horrek garaipena eman zien. 9.759 kilo jaso zituzten Urrutiak eta Eizmendik; 90 jasoaldi, alegia. Bigarren jardunaldia bihar jokatuko dute Gasteizen, Estibalitzen.