GARA > Idatzia > Euskal Herria

"Ezin izango dute ezkertiar eta abertzaleen ahoa itxi"

Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietarako zerrendak aurkeztu zituen atzo ezker abertzaleak. Bilbon eta Errenterian eginiko ekitaldietan, 84.000 sinaduren babesa eskertu zuten bi zerrendaburuek, Karmelo Landak Bizkaian eta Karmele Aierbek Gipuzkoan. Bestetik, «ezkertiar eta abertzaleak" direla nabarmendu zuten. Euren proiektua kalean, erakundeetan eta Batzar Nagusietan babestea «eskubide zilegia" dela adierazi zuten.

Beñat ZARRABEITIA

Azkeneko egun hauetako erritmoari eutsi, eta atzo ere ezker abertzaleko kideek zerrenden aurkezpena egin zuten. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaitzen txanda zen atzo. Bi zerrendek aski pertsona ezagunak izango dituzte buru: Karmelo Landa eta Karmele Aierbe.

Bizkaiko Abertzale Sozialistek aurkezpen ekitaldia egin zuten Bilbon. Bertan, hainbat herritako hautagaiak, Karmelo Landa Aldundirako zerrendaburua eta ezker abertzaleko beste hainbat aurpegi ezagun zeuden. Horien artean, Ibon Arbulu, Ana Lizarralde, Julen Aginako, Patxi Gundin, Txomin Ziluaga, Mikel Etxaburu, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria.

Jendez lepo zegoen aretoan, Ezkerraldeko hauteskunde-barrutiko zerrendaburu Txusa Padronesek hartu zuen hitza. «Bizkaiko Abertzale Sozialistak gara; abertzaleak eta ezkertiarrak gara eta gure proiektua kalean, instituzioetan eta Batzar Nagusietan defendatzea gure eskubide zilegia da», adierazi zuen. Horrekin batera, 84.000 pertsonak baino gehiagok ilegalizazioekin ados ez daudela esan dutela adierazi zuen. «28 urteren ondoren heldu da EAJ boteretik kentzeko ordua; izan ere, denbora honetan guztian bere gestioaren adierazle argiak ustelkeria, adiskidekeria, herritarren parte-hartze eza eta presidentzialismoa izan dira», esan zuen Padronesek. Ondoren, Karmelo Landaren txanda izan zen. Eako irakasleak ezker abertzalearen zerrendak babesteko sinadura eman duten herritarrak nabarmendu zituen. «Gure herriari etorkizunaren ateak zabaltzeko, orain dela 70 urte hasitako ziklo beltz eta maltzurrari bukaera eman behar zaio», esan zuen Landak. Izan ere, europarlamentari ohiaren aburuz, orduan hitzik gabe utzi nahi izan zuten herri hau, eta batzuk oraindik ere horretan dabiltza.

Horiek hala, PSOE prozesua eteteko «ahalegin serioa» egiten ari dela salatu zuen Landak. Hori baieztatuz gero, «atzera egingo» dela eta «Frankismoaren seme-alabei bideak zabalduko» zaizkiela esan zuen. Ez ziren izan Eako politikariak zabaldu zituen kritika bakarrak; izan ere, haren esanetan, Imazen eta Urkulluren EAJ «eroso» dago «lukurreroaren politika» egiten. Hala, Landak aukera guztiak berdintasunean aurkeztea opa zuen. Modu horretan «prozesua, Euskal Herria eta akordio politikoa bultzatuko direlako, horren ondorioz agertoki demokratikoa abiatzeko gatazka armatuaren bukaera etorriko delako eta bakean eta demokrazian oinarritutako etorkizunera joko delako».

Aretoa beteta Errenterian

Arratsaldean, erabat beteta zegoen Errenteriako Niessen aretoan, ezker abertzaleak Gipuzkoako Foru Aldundirako hauteskunde-zerrenda aurkeztu zuen. Oarsoaldeko herriko ekitaldian, programaren berri eman zuten eta herritarrek egindako filmazio hunkigarri bat eman zuten. Ondoren, Karmele Aierbe zerrendaburuak hartu zuen hitza. Aierbek prozesuari bultzada emateko ezker abertzalea hurrengo hauteskundeetan egotea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Azkenik, Errenteriako hauteskunde-zerrendako lehendabiziko kide Idoia Arbelaitzek herrirako dituzten egitasmoak eta programa azaldu zituen.

"Ahal den guztia"

Karmelo Landak, Bizkaiko Foru Aldundirako zerrendaburuak, Bilbon nabarmendu zuenez, ezker abertzalea ahal duen guztia egiten ari da prozesu demokratikoak aurrera jarrai dezan.

200 pertsona

200 herritar baino gehiagoren lanari esker, maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren ezker abertzaleak Gipuzkoako Foru Aldundian garatuko duen programa osatu ahal izan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo