Miren Azkarate Villar Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua
Gaitzespenari eta aitortzari buruz
Estrasburgon posible izan zen diktaduraren gaitzespena eta biktimenganako aitortza eta omenaldia, oraindik egin gabe dago Espainian
Europar Parlamentuak diktadura frankista gaitzetsi zuen, Errepublikaren kontrako altxamendu militarraren 70. urteurrenaren bezpere- tan, 2006ko uztailaren 5ean egindako osoko bilkuran; gaitzespen hau justizia historikoko ekintzatzat hartu zuten zenbait hedabide espainiarrek. Eta, nabarmenki, batek baino gehiagok zor morala aipatu zuen, gogoraraziz aipatu gaitzespena ezin dela izan Diputatuen Kongresuko bilkurak jeneral kolpistek bipildutako eta berrogei urteko errepresio bortitza jasandako errepublikar legalitatearen defenda- tzaileei zor dienaren ordezkoa, 2002an, Komisio Konstituzionalean soilik halako gaitzespen epela egin ondoren.
Estrasburgoko osoko bilkura horretan, PPko europarlamentariek europar ultraeskuindarren babesa baino ez zuten aurkitu diktadura ez gaitzesteko bere posizioan. Izan ere, Gyertich poloniar diputatu ultraeskuindarrak diktadura frankista goraipatu zuenean, garaian europar talde popularreko buru zen Hans-Gert Pöttering-ek, bere kristautasunaren oinarrituta, «erregimen totalitarioak» gaitzetsi zituen, Jaime Mayor Orejaren hitzalditik aldendu zuen ñabardura eginez.
Bilkura horretan, Euro-ganbarako presidente zen Josep Borrell-ek adierazpen instituzionala egin zuen diktadura frankis- taren «erantzuleak gogor gaitzetsiz», beti ere «biktimei omenaldia egiteko» eta «aitortza egiteko demokraziaren alde borrokatu, jazarpena nozitu eta Es- painia Europara itzultzea bultzatu zuten guztiei».
Estrasburgon posible izan zen keinu hori, diktaduraren gaitzespena eta biktimenganako aitortza eta omenaldia, oraindik egin gabe dago Espainian. Eta horretaz mintzatzen da Eusko Jaurlaritzak publikoki esaten dugunean egungo Gobernua eta espainiar Parlamentua Frankoren matxinadak zapuztutako Errepublikaren gobernu legitimoaren oinordekoak direla. Beraiek dute, beraz, legitimitate demokratiko guztia Frankoren diktadura gaitzesteko, eta baita ere biktima guziei Espainiaren izenean eragin zitzaien kaltearen barkamena eskatzeko. Espainiar gizarteari berari zor zaion keinu eta aitortza dugu.
Duela astebete, Gernikaz mintzo, Bernardo Atxagak hauxe zioen «markak eta oroitzapenak ez dira betiko gorde behar, baina ez dira ezabatu behar auzia ixten ez den bitartean eta egia agertzen ez den bitartean». Eta kasu honetan, sarraski hura egin zutenek ez dute sekula egia onartu, ezta ere errebisionismorik okerrena egin nahi duten askok, gehiegitxok. Francisco Francoren aginduz txikitu zuten Gernika, Gerra Zibila eragin zuen estatu kolpearen «zuzendariaren» Emilio Molaren planak jarraiki, zeinaren arabera hauxe egin behar zen: «izua eragin behar dugu... agintea eta indarra azaldu behar dugu, eta eskrupulorik eta duda izpirik gabe gu bezala pentsatu eta amore ematen ez dutenak garbitu behar ditugu...». Durango eta Gernikako bonbardaketak egin baino lehentxeago, mehatxua egina zuen, Bizkaia guztia deseguin edo apurtuko dot, baldin eta matxinadaren aurka zeuden euskal indarrak errenditzen ez baziren. Frankoren abiazioak, eta honen barruan nazien Condor Legioak eta Italia faxistako hegazkinek, hondamendia burutu zuten Gernikan, Durangon bezalaxe. Nolako erasoa halako izu-ikara herritarren artean.
Herritarren kontrako bonbardaketa izan zen, herioa eta sua erein zituzten beldurra eragiteko. Bonbardaketa esperimental honen bitartez eta Gernika suntsituz, Euskal Herria bera suntsitu nahi izan zuten eta gero, gezurraren bidez, Gernika eta Euskadi moralki erraustu. Bonbak eta metraila jaurti zituzten berberek, gezurrekin bonbardatu gintuzten.
Agirre Lehendakariak eraso kriminala salatu zuen «espainiar matxinatuen aldeko hegazkin germaniarrek Gernika bonbardatu dute...». Dei horri eta George Steer-en lanari esker, eta baita ere kazetari talde txiki baten laguntzaz, zabaldu nahi izan zuten faltsukeriari aurre egin ahal izan zitzaion. «Agirrek gezurra dio. Gezurretan ari da eta badaki. Francoren Espainiak ez du errausten», zion Gobernu matxinatuak Salamancatik, biktimak berak errudun joz. Euskadiko Jaurlaritzaren zereginak, Steer-en kronikek eta bizirik irtendakoen testigantzek tragediaren berri eman zioten munduari. Ahots horiei Pablo Ruíz Picasssoren maisulana gehitu zitzaien, zeinak sarraskiaren krudelkeria salatzeaz gain bere margoa egin zuen eta hau bilakatu gerraren bidegabekeria eta faxismoak ezaugarri duen basakeriaren kontrako deiadarra.
Gernikako tragedia diktadurapeko 40 urtez luzatu zen, harik eta Franko 1975ean hil zen arte. Hilketa horren egile eta eragileek ez dute behin ere beren erantzukizuna onartu, eta gaur egun ere, gutxi batzuk historia ukatzen eta berridazten saiatzen dira.
Gertatu zenaren aitortzaren, egiaren zain daude oraindik askatasunaren eta Errepublikako Gobernu legitimoaren aldeko aukera egin zutenak. Gertatu zenaren aitortza ofizialaren zain daude oraindik Agirre Lehendakariaren gidaritzapean askatasunaren alde borrokatu ziren gudari haiek guztiak (EAJkoak, PSOEkoak, UGTkoak, ELAkoak, komunistak, errepublikanoak, anarkistak zein EAEkoak). Horixe da, eta ez besterik, Espainiako Gorteengandik espero duguna. Altxamendu haren gaitzespena, eta egia aitortzea, inoiz ez baita berandu gertatua argitzeko eta hainbat eta hainbat familiaren zauriak sendatzeko.