GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA IKASLEEN GREBA

Gose-greban aste bat bete dute gaur, eta aurrera segitzeko asmoz daude

Errektorea aukeratzeko hauteskundeekin batean hasi zuten ikasleek eskubideen aldeko barauladia. Gutxienekoen taulan biltzen dira euren eskariak, eta errektoregaiei helarazi zizkieten. Haiek ez zituzten kontuan hartu, eta gose-greba mugagabeari hasiera eman behar izan zioten ikasleek. Atzo seigarren eguna zuten, eta segitzekoa asmo tinkoa erakutsi zuten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasle Abertzaleak taldeak behin eta berriro salatu du euren eskubideak urratzen dituztela. Euskararen eta Bologna Prozesuaren gaiak ez ezik, erakundeen funtzionamendua, egoera sozioekonomikoa eta parekidetasunaren aldeko politikak ezbaian jarri dituzte. Errektoregaiei helarazi zieten Gutxieneko Taula, baina horiek ez zuten erakutsi horietako bat bera ere betetzeko asmorik. Hori dela-eta, duela astebete, hauteskundeen egunean, baraualdi mugagabea hasi zuten. Talde bakoitzak hogeita lau orduko txandak egiten ditu.

Atzo bete zuten seigarren eguna, eta 120 ikasle baino gehiago pasatu direla azaldu zuen Egoi Irisarri ikasleak. Greban zeudenak eta gainerakoak Unibertsitateko ikasgelategian lanean ari ziren, nahiz eta joan den ortzegunaz geroztik ikasleek besta duten. Zertan ari ziren? Bada, euren aldarrikapenak jakinarazi eta jendea informatzeko kolore anitzetako kartelak egiten. Irisarrik kontatu zuenez, greba egiteaz gain, hainbat lekutara joaten ari dira informazioa zabaldu eta atxikimenduak lortzeko: joan den astean Iruñerriko 4-5 institututan ibili ziren, Alde Zaharrean, UEFAko partida zela eta Sadarrera joan ziren; Txantreako bestetan... Eguna nekatuta amaitzen dutela adierazi zuen Irisarrik, jan gabe izan arren geldirik ez baitira egoten. Dena dela, orain arte egin duten bezala hemendik aitzinera ere eginen dutela ziurtatu zuen. Besta izanik, Unibertsitatean egotea gogorra izan dela kontatu zuen. Okerrena pasatu denez, ordutik aurrerakoa «errazagoa» izanen dela zioten.

Goizeko hamarretan hasten dira baraualdi txandak. Ura bakarrik edaten dute; eskoletara joan gabe hainbat lan egiten dituzte, eta gauean, bedeletan jarritako zakuetan lo egiten dute; hala pasatzen dituzte txandak grebalariek. Ikasketaren arabera egindako taldekako txandak dira, eta segur aski arlo guztietakoak pasatu direla baieztatu zuen Irisarrik. Horrez gainera, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko campusetako ikasleak ere bertaratu omen dira, atxikimendua erakutsi eta laguntza ematera. Ikasle Abertzaleek antolatutako ekimena izanik ere, ikasleria osoaren borroka dela nabarmendu zuten. «Ikasle askok paso egiten du, baina lehenago edo geroago konturatuko dira», esan zuen Irisarrik. Eskubideen aldeko borroka da, gutxieneko batzuk betetzeko eskaera, eta ikasleria guztiaren aldeko aldarrikapena.

Errektoregaien jarrera gaitzetsi zuten. Kanpainan erran dute ikasleen hitza kontuan hartuko dutela, eta orain arte ez dituzte euren eskaerak onartu. Hori guti balitz bezala, egoera horrek sortutako ikasleen protestak ez diela axola agertu dute. Irisarri kexu zen: «Hemen sei egun daramatzagu, jan gabe, bertan lo egiten, eta ez dira zer moduz gauden ikustera ere etorri». Haren ustez, jarrera horrekin ez dute ikasleekiko interesik erakusten. Euren atea zabalik dagoela jakinarazi zuen. Baraualdia amaitzeko zer behar duten galdetu, eta erantzun zuen: «Errektoregaiek gure eskaerak betetzeko edo zerbaitetan adosteko asmoa erakustea, pausoren bat ematea; guk eman dugu lehena; orain haien txanda da».

Bigarren itzulia ostiralean

Ikasleen eta institutuen atxikimenduez gain, unibertsitateko hainbat langile eta irakasle ere haien alde agertu dira. Arrosadia auzokoek, berriz, informazio gehiago eskatu zieten, eta eurekin bildu ziren horretarako. Auzotarrek babesa eman zioten ikasleen borrokari. Atxikimendu asko izaten ari omen dira.

Hauteskundeei buruz, kontent azaldu ziren Ikasle Alternatibaren alde 160 bat boto-txartel gorri atera baitziren. Boto-txartel alternatiboak eskura banatu behar izan zituzten, bozkalekuetan uztea debekatua baitzuten. Traben gainetik emaitza hori lortzea pozgarria da eurentzat. Alde txarra, berriz, ikasleen parte-hartze eskasa da, euren bozak duen balio urriarengatik segur aski. Gainera, ezjakintasun handia omen dago. Zurrumurruetan oinarrituta ematen omen du boza anitzek: «Purroyk ordenagailu eramangarriak ekarriko zituela zabaldu zen, eta jendea haren alde zegoen. Guk erraten genien fotokopiak ordaindu egiten badira nola emanen dituzten ordenagailuak doan». Ostiralean, bigarren itzulian, IAk berriro eskatuko du boto-txartel alternatiboaren alde egitea.

Jasone MITXELTORENA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo