GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Urrezko lehiaketa

Izeta familiaren arteko dema izango da ikusgai Estibalitzen

Izeta II.a eta Izeta IV.a Izeta III.aren eta Eizmendiren aurka arituko dira nor baino nor indarrak neurtzen txapelketako bigarren jardunaldian

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko harri-jasotzaileen bigarren jardunaldia jokatuko dute gaur eguerdian Estibalitzen, Gasteizen, eta neurketa oso erakargarria egongo da bertan, Izeta familiaren arteko dema izango baita.

Izeta II.a eta Izeta IV.a Izeta III.aren eta Eizmendiren aurka neurtuko dira. Izeta II.a eta IV.a aita eta semea dira; eta III.a, berriz, lehenengoaren anaia eta bigarrenaren osaba. Eizmendi, berriz, horien lagun mina da, eta haiekin hasi zen harriak jasotzen. Gainera, haiekin ari da entrenatzen. Familiako lotura hori, ordea, alde batera utziko dute une batez, eta lanean gogor arituko dira, denek irabazi nahiko baitute. Izeta aita eta semearentzat lehen saioa izango da, baina ez besteentzat. Lehen jardunaldian, Izeta III.a ezin izan zen aritu, baina gaurko prest egongo da. Orduan Urrutiak ordezkatu zuen, baina ezin izan zituzten mendean hartu Zelailuze eta Ostolatza. Beraz, gaur irabazteak garrantzi handia izango du beraientzat.

Kirolariek honako lan hau egin beharko dute gaur eguerdian: 125 kiloko zilindro berria erabili beharko du biko bakoitzeko batek. Hor aritu ez denak hurrengo saioan 100eko zilindro zaharrarekin aritu beharko du. Horren ondoren, 113ko kubikoa izango dute, eta bikoteko bakoitzak minutu batean aritu beharko du erlojurik geratu gabe. Azkenik, txanda librean, 100eko bola izango dute. Harri bakoitzarekin, bi minutuko txandak izango dira lanean aritzeko.

Aizkolariak

Gaur Estibalitzera joaten diren zaleek ez dituzte harri-jasotzaileak bakarrik ikusi ahalko, aizkolarien dema ere izango baita. Bertan, Urrezko Aizkorako saioa izango da, baina 23 urtez azpikoentzat. Unai Aldape izango da alde batetik, eta, bestetik, Mugertza II.a.

Saio hori ere erakargarria da, etorkizuneko bi aizkolari izango baitira aurrez aurre. Aldapek Mugertza III.a menderatu zuen aurreko saioan, eta gaur anaia zaharrenak haren ordaina eman nahiko dio. Aldape indar handiko aizkolaria da, eta gaurkoa lan aproposa da, baina baita mutrikuarrarentzat ere. Ez dago faborito garbirik.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira hasteko. Gero, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki beharko dute. Ondoren, oin bateko enborra zutik erdibitu beharko dute, eta azkenik, bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko moztu beharko dituzte. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo