Belar hockeya
Atletiko San Sebastianek finalerdietan sartzeko azken aukera izango du
J.L. | DONOSTIA
Atletiko San Sebastienek Ligako finalerdietan izan nahi baldin badu, ezinbestekoa izango du gaur 12.30ean Club de Campo taldea mendean hartzea. Gaur Donostian izango den taldea euskaldunen aurkari zuzena da, eta egun puntu bat kentzen die zuri-urdinei.
Izan ere, gipuzkoarrek aukera ederra galdu zuten herenegun Taburienteren zelaian. Han irabazi izan balute, laugarren egongo lirateke egun, eta gaur berdintzea nahikoa izango lukete. Han, ordea, 3 eta 3 berdindu zuten, eta gaur egin beharko dituzte lanak. Hala ere, gaur ez da dena erabakiko, datorren asteburuan amaituko baita Liga.
Taburienteren zelaian askoz ere gehiago izan ziren. Irabaztea merezi izan zuten; aukera asko izan zituzten, baina ia galdu zuten. Lehen zatian, etxekoak 2-0 aurreratu ziren, eta bigarrenaren hasieran Azkoagak sartu zuen euskaldunen lehen gola. Etxekoek, ordea, berehala sartu zuten hirugarrena, eta donostiarrei partida maldan gora jarri zitzaien; azkeneko minutuetan, Azkoagak azkeneko beste bi gol egin zituen. Puntu bati eutsi ahal izan zioten.
Jolasetaren egoera bestelakoa da; gaur egun, azken postuan da, eta mailari eusteko mirari bat beharko luke. Geratzen diren bi partidak irabazi beharko lituzke, eta aurretik dituen bi taldeek galdu beharko lituzkete beren partidak. Gaur, ordea, ia ezinezko partida horietako bat izango dute. 12.30ean hasita, Egararen zelaian jokatuko dute. Kataluniarrak sailkapeneko bigarren postuan daude, eta lehen fasea irabazteko, horiek ere garaipena behar dute. Jolasetak gaur galduko balu, jaitsi egingo litzateke. Horiek, herenegun 2 eta 2 berdindu zuten etxean CD Terrasarekin, eta puntu batek ihes egin zien getxotarrei.
Emakumezkoetan, Realak oraindik baditu finalerdietan sartzeko aukerak, baina oso txikiak dira, eta mirari handia gertatu beharko litzateke. Larunbatean berdinketa ona lortu zuen 0-0 liderraren aurka, Club de Camporen aurka, alegia, baina ez zen nahikoa izan. Gaur, 12.30ean, SPV taldearen zelaian jokatuko dute. Gipuzkoarren aurkariak partida bakarra irabazi du denboraldi osoan, eta beste guztiak galdu. Azkeneko postuan dago, eta jadanik maila ere galduta du. Handik, bi puntuak besapean hartuta etxeratu beharko luke. Irabazi arren ere, oso zaila izango du taldeak finalerdietan sartzea.
Jolasetak, berriz, egin beharrekoa eginda dauka, eta geratzen diren bi partidetan ahalik eta lanik onena egin nahiko du. Herenegun Terrasaren zelaian 4-1 galdu zuen, eta aukera gutxi izan zituen ezer egiteko. Gaur, etxean arituko da 11.00etatik aurrera, eta Polo izango du aurrean. Norgehiagoka zaila izango da; izan ere, Polo hiruga- rren baitago.