GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gizon bat atxilotu dute Gernikan neska- lagun ohia itxita eduki eta jotzeagatik

Emakumeen aurkako bortizkeria kasuek ez dute etenik, eta azken orduetan bi kasu gehiagoren berri izan dugu Euskal Herrian: lehena Gernikan, gizon batek neska-lagun ohia jipoitu du, eta bigarrena, Lizarran. Beste horretan, laban bat baliatu du erasotzaileak.

GARA |

Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den igande arratsaldean Gernikan, ustez neska-lagun ohia jipoitu, leihotik behera botako zuela mehatxatu eta hiru egunez beren etxebizitzan itxita eduki duelako.

Lakuako Barne Sailak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, erasoa igande arratsaldeko lau eta erdiak inguruan gertatu zen. Ordu horretan, Ertzaintzako agenteak Gernikako etxe baterantz abiatu ziren, norbaitek bertan emakume baten aurkako erasoa egon zela abisu eman eta gero. Ertzaintzak zituen lehen berrien arabera, ustezko erasotzailea emakumearen mutil-lagun ohia zen, eta erasoa bikotearen etxean bertan gertatu zen.

Bizilekura iritsitakoan, ertzainek biktimarekin egin zuten topo, eta horrek eman zien gertatutakoaren berri zehatzagoa. Emakumeak adierazi zuenez, eztabaida bat zela-eta, haren mutil-lagun ohia bera jotzen hasi zen, eta une horretantxe etxean sekulako kalteak eragiten ari zen.

Horrez gain, emakumeak poliziakideei jakinarazi zien gizonak leihotik behera botako zuela mehatxatu zuela, eta gorputz erdia leihotik kanpora zuela jarri zuela.

Biktimak etxeko leihoetako batetik patio batera salto eginda ihes egin zuela azaldu zien ertzainei, baina ordurako, mutil-lagun ohiak etxean preso hiru egunez edukia zuela adierazi zuen, bai eta ez ziola inolaz ere kalera ateratzen utzi.

Hori guztia entzun, eta Ertzaintzako agenteak bikotearen etxe barrura sartu ziren. Biktimak esan zien bezala, bertan atzeman zuten emakumearen ustezko erasotzailea: JM.M.M. inizialak dituen 36 urteko gizonezkoa.

Erasozaile baten bila Lizarran

Bestalde, Foru Poliziak eta Lizarrako Udaltzaingoak ustezko erasotzaile bat bilatzeari ekin diote. Antza denez, gizon horrek laban batekin eraso zion neska-lagunari, eta horrek erietxera joan behar izan zuen erasotzaileak aurpegian eragin zizkion zauriak sendatzeko.

Gertaeren berri igande goizean izan zuen Poliziak, orduan deitu baitzuen emakume batek telefonoz bikotekidearen aurkako salaketa jartzeko. Deiaren egileak azaldu zuenez, erasoa Lizarrako Deierri etorbideko etxebizitza batean gertatu zen, eta gizonezkoak laban batekin hainbat zauri egin zizkion emakumeari aurpegian. Hori dela-eta, biktima Lizarrako bertako Garcia Orkoien erietxera eraman zuten lehendabiziko, baina hortik Iruñean dagoen Nafarroako Ospitalera bideratu behar izan zuten.

Emakumeak Foru Poliziaren Hiritarrenganako arreta bulegoan salaketa jarri zuen atzo bertan, eta une horretantxe Lizarrako Udaltzaingoak eta Polizia autonomikoak elkarrekin ustezko erasotzailea bilatzeko dispositiboa jarri zuten abian.

leihotik behera

Gernikako erasotzaileak biktima leihotik behera botako zuela mehatxatu zuen, eta bigarrenaren arabera, gorputz erdia kanpoko aldean zuela zintzilikatu zuen beren etxeko leihotik.

"Terrorismo patriarkaltzat" jo dute Bilboko azken erasoa

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak «terrorismo patriarkaltzat» hartu du Bilbon gertatutako emakumeen aurkako azken erasoa. Gertaera joan den ostiralean jazo zen, eta orduan, bi gizonezkok emakume bat jipoitu zuten.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak ohar batean adierazi duenez, emakumeen aurkako erasoak horien bizitzetako «edozein unetan» gerta daitezke «emakume izate hutsagatik», eta hori dela-eta «sakonki» gaitzetsi dute «terrorismo patriarkalaren kasu hori».

Erakundeak emakumeen aurkako erasoei aurre egiteko hartzen ari diren neurriak begi onez ikusten dituztela adierazi arren, bortizkeria kasu hauek saihesteko lanean «egiazko inplikazioa» falta dela ere azaldu zuten. «Eta halakorik ez dagoen artean -gaineratu zuten-, emakumeek beren gorputzekin eta bizitzekin ordainduko dute gizonezkoen misoginia».

Horri aurre egiteko bide bakarra, esan zutenez, «prebentzioan saiatzea» da. «Hezkuntza sistemaren bitartez errespetua, berdintasuna eta emakumeen aurkako bazterkeriarik eza balioak erakutsi behar zaizkie haurrei», zehaztu zuten. GARA

labanarekin

Lizarrako emakumearen erasotzailea laban batez baliatu zen bikotekidearen aurka oldartzeko, eta hainbat zauri egin zizkion aurpegian. Hori dela-eta Iruñeko erietxe batera eraman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo