Euskal Herriko transgenikoen kontrako kolektiboa Alerte OGMn
GARA |
Ipar Euskal Herriko Transgenikoen Kolektiboko kideak apirilaren 28an beste kolektiboetako kideekin elkartu ziren Lescar-en, Pauetik hurbil dagoen herrian. Biarno, Gironda, Garona Garaia, Gers, Tarn, Tarn eta Garona, Charentes eta Lot-eko eta azkenik Garonako transgenikoen kontrako kolektiboekin batera, Alerte OGM federazioa osatu du Euskal Herriko taldeak.
Sortu berri duten federazio horrek gizartearen zaintza bultzatu nahi du transgenikoen edozein kutsaduraren berri izateko eta OGMrik gabeko laborantzak zaintzeko. Dohainik lan egiten duten abokatuen sare bat osatu dute Alerte OGM federazioaren inguruan, eta behar izatekotan, lanean hasteko prest dago.
Hauteskundeak
Estatu frantseseko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulirako astebete baino gutxiago falta da gaur egun, eta Alerte OGM transgenikoen gaiak hautagaien arteko eztabaidan toki garrantzitsua izan dezan saiatuko da. Igandean hautesleek transgenikoen aldeko hautagai baten eta luzamenduaren aldeko hautagai baten artean aukeratu beharko dutela oroitarazi du Alerte OGM federazioak igorritako adierazpenean.