GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Hauteskundeetan gazte borrokalariaren ahotsa entzungo da»

Gazte independentistek udal eta foru hauteskundeetan «independentzia» bozkatuko dutela jakinarazi zuten atzo, Donostian. Horretarako, eta euren ahotsa entzun dadin, «bitarteko guztiak» erabiliko dituztela ohartarazi zuten.

GARA |

Maiatzaren 27ko foru eta udal hauteskundeetara begira, gazte independentistek euren jarrera azaldu zuten atzo Ibaetako campusean eginiko prentsa agerraldian. Bertan, gazte horien bozeramaile lanak Irati Mujikak eta Egoitz Aranburuk egin zituzten, eta hurrengo hauteskundeetan Euskal Herriak hainbat ordezkari hautatu baino askoz ere gehiago egingo duela nabarmendu zuten. Izan ere, haien esanetan, hauteskunde-borroka horretan, Euskal Herriak lau urteko apartheid egoera bukatzeko eta benetako ezkerreko alternatiba bat garatzeko aukera du jokoan. Ondorioz, gazteek parte hartzea ezinbestekoa izango dela adierazi zuten.

Apirilaren 6tik 8ra bitartean, Untzagatik Laudiora egin zuten Gazte Martxari buruz esan zuten: «Argi eta garbi irudikatu genuen orduan independentziaren aldeko gazte olatu geldiezin bat dagoela herri honetan». Aranburuk eta Mujikak nabarmendu zutenez, bestelako balioetan oinarritutako herri bat dagoela irudikatu nahi duen gazteria bat dago, «iraultzailea» eta «borrokalaria». «Hauteskundeetan ere, gazteria borrokalari horren ahotsa entzunaraziko dugu», jakinarazi zuten. Izan ere, euren ustez, Euskal Herriko egoera politikoan, «berebiziko garrantzia» baitu hauteskunde hauetan gazte independentistek ekarpena egitea.

Mujikak eta Aranburuk adierazi zuten: «Gazteok herri honen kolektiborik zapalduena osatzen dugu; diruan oinarrituta dagoen inposaturiko eredu honek gazteongan du eragin bortitzena eta, ondorioz, gazteoi dagokigu ere bai borrokatu eta bestelako proiektu bat mahai gainean jartzea, askatasunean oinarrituta egongo den bestelako proiektu bat: independentzia eta sozialismoa». Gazte independentisten bozeramaileak esan zuen: «Bi giltzarri horiek izango dira gure etorkizuna modu askean garatzeko aukerak eskaintzen dituzten bakarrak».

«Ditugun bitarteko guztiak»

Hurrengo egunetan gazte independentistek mahai gainean erronka zehatz bat dutela nabarmendu zuten Aranburuk eta Mujikak. Horrekin batera, datozen egunetan proiektu politikoaren edukiak zabaltzera lau haizeetara joko dutela esan zuten. «Horretarako, gazte eremu guztietan egunez egun borrokatzen dugun ereduaren edukiak zabaltzera joko dugu, eta gure izarra lortzeko bidea marraztuko dugu», esan zuten. Hauteskunde guztietan gazteak eta euren arazoak alderdien ahotan ibiltzen direla azaldu zuen.

Oraingoan horrelako zerbait berriz gerta ez dadin, gazte independentisten bozeramaileek adierazi zuten: «Haien aurpegiak garbitzeko eta gazteon izenean hitz egiteko erabiltzen gaituzte, baina oraingo honetan ez dugu onartuko inortxok ere gure izenean hitz egitea».

«Maiatzaren 27an, gazteok gure ahotsa entzun dadin ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugu, eta hauteskunde hauetan borrokarako fronte argi bat izango gara», esan zuten. Hori lortzeko, beren esku dauden eskubideak exijitu eta borrokatuko dituztela azaldu eta bukatu zuten Donostiako agerraldia.

«lau haizeetara"

Hauteskundeetarako, gazteek hurrengo egunetan independentziaren eta sozialismoaren proiektuaren edukiak lau haizeetara zabalduko dituztela adierazi zuten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo