nba
Bigarren ezustekoa gero eta hurbilago dago Warriorsek irabazi du-eta
GARA | DONOSTIA
Chicago Bullsek azken txapeldun Miami Heat asteburuan kanporatu eta gero, Golden State Warriors taldea Dallas Maverick ahalguztiduna kanporatzeko urrats batera jarri da. Hain zuzen ere, Ligako talde onenari hirugarren aldiz irabazi zion, bigarren aldiz haien etxean (99-103). Irabazlea 3-1 aurretik jarri da horrela.
Baron Davis joko antolatzailea izan zen onena beste behin. 33 puntu, zortzi errebote eta lau asistentzia eman zituen. Dallasekoek, eraztuna irabazteko faborito nagusietarikoek, hiru partida jarraian irabazi beharko dituzte orain. 36 garaipen eta 5 partida soilik galdu zituzten Ligan, baina orain amildegi ertzean dira. Kontua da galdutako 5 partida horietatik 3 Warriorsen aurka izan zirela.
Jerry Stachousek 24 puntu egin zituen eta Dirk Nowitzkik 23 eta 15 errebote. Dena dela, ezin izan zuten orain arte beren aurkari gogorrena izan denaren aurka.
Suns eta Nets, irabazle
Phoenix Sunsek ere 3-1ekoa jarri zuen (113-110), Los Angeles Lakers mendean hartuta. Steve Nashek oso ondo gidatu zuen bere taldea, 17 puntu egin eta 23 asitentzia eman baitzituen. Azkeneko marka horrekin, NBAko azken faseko historian emandako asistentzia kopuru handienetik bakarrera geratu zen joko antolatzailea.
Aurreko partidan Kobe Bryantek 45 puntu egin zituen eta Lakersek garaipena lortu zuten. Oraingoan 31 puntu «besterik» ez zuen egin. Hori bai, azken laurdenean soilik hiru gauzatu zituen.
New Jersey Netsek ere 3-1ekoa ezarri zuen, Toronto Raptorsen kontra kasu horretan (102-81). Oso erraz irabazi zuten New Jerseykoek, hiru gizonen eskutik batez ere: Vince Carterrek erasoa gidatu zuen; Richard Jeffersonek lagundu zion horretan, eta Jason Kiddek taldea oso ondo mugitu zuen.
Carterrek 27 puntu lortu zituen; Jeffersonek, 23; eta Kiddek, 17.