GARA > Idatzia > Gaurkoa

TXILLARDEGI Idazlea eta hizkuntzalaria

Euskaldunok geurean oraindik arrotz

Mende heren bat joan da Franco Bahamonde hil zenez geroztik. Kataluñak, ezagunak diren arazo guztien gainetik, aurrera atera du 31 urte honetan bere kataluñartasuna. Kataluña ez dago Ipar-Murcia bihurtzeko arriskutan. Katalana izatea katalanez mintzatzetik hasten da.

Euskal Herrian, aldiz, jator hitzegingo badugu, ez gara oraindik abiatu. Irlandatik bertago gaude Kataluñatik edo Flandriatik baino. Nazio pizkundeen multzoan salbuespen eta porrotaren eredu bihurtu dena bide dugu gogoko.

Alegia, errotik arrotza litzatekeen «Euzkadi»ra hurbiltzen ari gara.

Telebistaren termometroak asaldatzen gaitu, eta zalantzatarako atekarik gabe uzten. Neurketek erakutsi dutenez, gure tele-ikusleek %96ak hautatzen dituzte erdal hedakinak, eta %4ek bakarrik ETB1.

Joera bera nabaritzen da irratien arloan. Edozein bazterretan entzuten dira «Cuarenta principales», eta enparauak; eta oso oso leku gutxitan Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, eta abar. Geure hedakineekiko boikota zinez da harrigarria.

Euskara ez da inondik ere euskal mogimenduaren ardatza.

Hots, «buruti hasten da arraina kharatsen» zion Oihenartek bere Atsotitzetan (ikus 106.garrena). Eta gurean, zoritxarrez, «burutik» datoz kiratsa eta minbizia.

Mila diximulutan mazorroturik, euskararekiko mespretxu zaharrak tinko dirau.

Oraindik ere jende askok, are ustezko «abertzale» mordo batek ere, debekatu egiten du lasai bere aurrean euskara erabiltzea.

Hizkuntza ez da dena. Ingelesez jakite hutsak ez gaitu ingeles egiten. Egia. Baina ingelesez ez jakiteak ez digu ingeles kulturaren ataria zabaltzen.

Hizkuntza ez da dena. Noski. Baina mutu geldituko ez bagara, mintzairaren hautua egin behar dugu aurrenik kultura mamitzerakoan. Eta Hegoaldean hautu bakarra hau da: euskara ala espainiera.

Fartsaren maila oso gora joan da. «Egun on, bai» elkarretaratzean esan, eta kitto. Espainierazko hitzontzikeria guztia, mirakuiluz, euskaldundurik gertatzen!

Hala ere ezer ez zaio mingarriago alienaturik ez dagoen herri bati, bere hizkuntzarekiko mespretxua eta uko faktikoa baino.

Jose Mari Iturraldek azkeneko «Mugalari»an (2007-IV-28) ezagutarazi duen adibidea are argitsuago gertatzen da giro honetan.

`Tamer' izeneko palestinarraren kasoa azaldu digu: «Tamerrek oso ondo daki euskaraz -dinosku Iturraldek- eta euskal gaiak bere egin ditu».

Non dira gure puntuzko elebakarrak? Zeren zai daude beren inguruan espainieraren inposaketari uzteko? AEKn, HABEn, eta beste anitz ikasgutan, milaka lagunek (milaka, bai) ikasi baitute gure hizkuntza.

Unamunok Kierkegaard filosofo existentzialistaren obra hobeki ulertzeko danieraz ikasi zuen. Maxwell fisikari hilezkorrak, bide beretik, italieraz ikasi zuen; Carlo Matteuci Pisako irakaslearekin harremanetan hasteko.

Gogora dakarkit honek aspaldian abertzale baten ahotik entzun nuen xelebrekeria: «yo no hablo vasco porque soy de Estella». Estellakoa izan arren, oso ongi zekien frantsesez eta ingelesez.

Horrelako esaldiek ostiko galanta zaizkigu geure bizi guztian barrena hizkuntza nazionalaren alorrean ahal izan dugun guztia egin dugunoi.

Orain badakigu Koldo Izagirre eta Joseba Sarrionaindia, esate baterako, maila handiko autoreak direla Literaturaren alorrean.

Eta «non-fiction» sailean, maila goreneko autoreak direla Joxe Azurmendi eta Paulo Iztueta, beste bi izen ematekotan.

Euskarari uko hertsia egiten dion jendeak, hala ere, ez du hau somatu ere egiten. Jakina. «Paso» egiten dute lasai asko. Areago: euskal letrak zertan dauden irizpide anpurus eta harroputzak emateko ez dira batere herabe. Badakizue: itsuago, ausartago.

Euskal Literatura azaltzen zuen jesuita hark aitortu zidana gogorazten dit honek; garbi esan baitzidan «Leturiaren egunkaria ezkutua» liburuan ETAko militante baten pasadizuen kondaira egiten dudala uste zuela... Euskaraz ez zekien, noski.

Oso urrun gaude oraindik espero zitezkeen jarrera eta praxietatik.

Eta denbora joanago, eta okerrago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo