GARA > Idatzia > Ikusmira

Herbehereek Europako ekialdeko langileei ezarritako mugak ezabatu dituzte

Lau hilabete iraun du Herbehereetako Gobernuak Europako ekialdeko langileei bere lurraldean sartzeko ezarritako muga. Urtarri- laren 1ean Polonia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Eslovenia, Letonia, Lituania eta Estonia Europar Batasunean sartu ziren. Izan ere, hango herritarrek ez zituzten gainerako europarrek dituzten eskubideak berehala eskuratu. Mugak desagertzerakoan, EBko produktuak inolako oztoporik gabe iritsi ziren, demagun, Errumaniako saltokietara. Izan ere, errumaniar langileei oztopoak jarri zizkieten beste Europako lurraldeetara lanaren bila joan ahal izateko. Britainia Handiak, Estatu frantsesak eta Eskandinaviako herriek, besteren artean, antzinako mugen ordez «muga ikusezinak» ezartzea erabaki zuten. Ondorioz, 2009a arte Europako ekialdeko herritarrek ezin izango dituzte izan EBko itunek lehen mailako europarrei aitortzen dizkieten eskubide berak. Besteren artean, harresi gehiago gainditu beharko dituzte Europan barrena libre ibiltzeko. Izan ere, itzal handiko Europako estatuek antzematen zituzten mehatxuak ez dira egiaztatu. «Langile uholdearen» mamua astindu zuten agintariak, Tony Blair esaterako, nolabait, erru ziren. Maiatzaren Lehenarekin batera, Herbehereek debekua kentzea deliberatu dute. Erabaki hori hartzeko ez dituzte gizatasun irizpideak lehenetsi, noski. Zaila da kutsu iraultzailea hartzea, ondorioz, Hagako Gobernuak harturiko erabakiari. Lan merkatuaren beharrei erantzuteko egin dute hautua, eta hurrengo hilabete edo urteotan erabaki bera hartu zuten gainerako estatuek 2009ko epe-muga murrizteko bidea aukeratzen badute, arrazoi ekonomikoengatik hartuko dute muga ikusezin hori deuseztatzeko erabakia. Ongizatearen estatua babesteko politika ekonomiko ausartak hartu behar dira, ez arrazoigabeko beldurrak zabaltzen dituzten politikak. EBko langileak babesteko askoz eraginkorragoa da merkataritza eremua desegituratzen duten erreforma guztiak zakarrontzira botatzea eta kalitatezko enplegua sortzea, Poloniako langileen kontra susmo eta aurreiritzi faltsuak elikatzea baino. Azken urteotan, langileen eskubideak Europar Batasuneko gobernuburuek jarri dituzte benetan arriskuan. Iaz estatu frantsesean langile gazteentzako asmaturiko kontratu-zabor berria eta Estatu espainoleko lan-istripu kopuru altua lan eskubide murrizketa horren adierazle dira. Europar Batasunak nekez gaindituko du Konstituzioa berresteko prozesuak sorturiko krisia, bere eredu sozioekonomikoari buruz hausnarketa bultzatu gabe. Estatu berriei oztopoak ezarri ordez, hobe luke Bruselak milioika langileren lan-baldintza eskasen aurka neurri eraginkorrak hartzea. Hor jokatzen baita, neurri handi batean, bere sinesgarritasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo