jose mari auzmendi Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordeko arduraduna
Hezkuntza Akordioa beharrezkoa delako
Idatzi honen bidez Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren baitan urrats berri baten berri eman eta parte bilakatu nahi zaituztegu. Aipatutako hiru kontzeptu horien garapena zuekin eman nahi dugu; guztiok, herri honetako hezkuntzako partaideok, zehaztu behar dugulako zer norabidetan joan behar duen gure herriko hezkuntzak. Eta bide horretan, mugarri berria izan nahi du larunbatean egingo dugun Nazio Jardunaldiak.
Ariketa argia bezain zehatza da planteatzen duguna: zer urrats praktiko eman dezakegu gure eguneroko esparru naturaletik hezkuntza herri honen eta bertako herritarron beharren arabera jartzeko. Horretarako, Nazio Jardunaldia hiru bloke nagusitan banatu dugu, akordioak biltzen dituen hiru atalen arabera hain zuzen ere, eta horietan lan taldeka honako galdera nagusiak saiatuko ginateke guztion artean erantzuten: Zer egin daiteke hezigune bakoitzean hezkuntza eskubideetan urrats gehiago emateko? Planteatzen den publiko definizio berriak zein onura ekar dakizkioke gure herriari. Gure hezkuntza hobeto antolatzeko, zer da behar duguna? Zein funtzio bete ditzake Elkarguneak? Nola osatu beharko litzateke?
Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eskuratzearekin batera, Nazio Jardunaldien egitaraua eta izen-ematea www.hezkuntzaakordioa.net web orrian aurkituko duzu.