Edozein herriko -eta auzoko- jaixetan
Joan den asteburu luze honetan Txantreakoen txanda izan da. Ia beti bezala, euripean -Jainkoa oso fatxa da, badakizue, eta langileen patroia omentzen duten festak ez omen dira bere gustukoak-. Zeru goibela, giro beroa, eta zuzeneko musika toki anitzetan. Hirian orain zenbait urte debekatuta egon arren, auzokideek jaigune berri bat antolatu zuten.
Bota etxafuegoa! Herri zein hirietako auzoetako jai sasoia hasita, joan den asteburu luze honetan Txantreakoen txanda izan da. Ia beti bezala, euripean -Jainkoa oso fatxa da, badakizue, eta langileen patroia omentzen duten festak ez omen dira bere gustukoak-. Zeru goibela, giro beroa, eta zuzeneko musika toki anitzetan. Hirian orain zenbait urte debekatuta egon arren, auzokideek jaigune berri bat antolatu zuten, bere txosna eta eszenatokiarekin, hori bai, isuna aldez aurretik ordainduz.
Han izan ezik, auzoko toki ezberdinetan kontzertu guneak paratu dituzte zuzeneko eta doako musika hedatzeko. Ange Duhalde euskal musikari historikoaren emankizuna kalean gauzatu zen, eguraldi petral bezain zoragarria lagun zuela: eguzkia eta euria lehian, eta sekulako ortzadar ederraren pean. Geroago, beste gune batean, Banda Batxoki eta Aitona Demons-en txanda iritsi zen. Lehenengoek etxean jotzen zutenez, ikus-entzuleak berehala bereganatu zituzten. Nahi gabean, Tijuana in Blue ekarri digute gogora talde umoretsu honen kontzertuek, eta ezin ihes egin Eskroto-ren oroimenari. Ondoren, aipatutako talde mitikoan gitarrista izandako Joseanen taldearen txanda iritsi zen. Aitona Demons-ekoek bertsioak egiten dituzte, horrek berekin ekartzen dituen arrakasta zein gabeziekin. Gabeziak, esan dut, musikarientzat besteen bertsioak soilik jotzea gogoa erabat ez asetzea delako. Norberaren kantuak jotzea plazer handia da, erdipurdikoak izanda ere. Eta arrakasta, aukeratutako kanta guztiak ikus-entzuleen oso gogoko izan zirelako. Ahantzi gabe sekulako musikariak direla, eskarmentu handikoak eta fin-finak. Abestiak, ederki hautatuak izateaz gainera, gehienak oso era duinean moldatu dituzte. Barricadaren «Barrio conflictivo» ez zen falta izan, bertan bildutakoen pozerako. Unerik dibertigarriena Vomitoren bertsio bat jo zutenean iritsi zen. Hor zebilen Iruñeko Ultimatum talde punkiko abeslaria, zaldiak eta bere ondorioek bizirik utzitako taldekide bakarra. Berezkoa duen lotsagabekeriaz igo zen eszenatokira kantua abestera, eta une labur batez berriro ere izarra izan zen Kutxa, ikus-entzule guztiak barrez eta emozioz lehertzen zen bitartean. Une hunkigarria, bidean utzitako lagun eta ezagun guztiak gogora etorri baitzitzaizkigun. Bestetik, labankadak ere ez dira falta izan jai hauetan. Hau ez da Iruñeko auzo bakarra, baina makarra, dezente!
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea