Arena Hip Hop Festival 2007, Gasteizek ere badu bere errima
Hip hop kulturaren erakusleiho gisa jaioko da Gasteizko Arena jaialdia, asteburu honetan break, low riders eta roller txapelketak eta, nola ez, musika Arabara ekarriko duena. Larunbatean izango da ekitaldi nagusia 16.00etan hasiko den jaialdi erraldoian, Sniper eta Visionaries izarrekin.
Anartz BILBAO | BILBO
Macaraba Rock elkarteak antolatutako egitasmoak musika, irristalaritza, grafitti eta break dance asteburu erraldoia prestatu du Arabako hiriburua kolorez janzteko. Ekitaldi nagusia etzi ospatuko dute Buesa Arenan musika jaialdi erraldoiarekin. Ameriketako Estatu Batuetatik Revolution Dj-a eta Visionaries taldeak hurbilduko dira, Estatu frantsesetik Sniper eta Estatu espainoletik Juaninacka, Mucho Muchacho eta Hablando en Plata. Etxeko ordezkaritza Kodigo Norte gasteiztarrek eta Rushblac-ka irundarrak hartuko dute. Maketa txapelketaren irabazlea izan den Subsuelok biribilduko du afixa.
The Visionaries seikotea jatorri ezberdineko kideek osatutako taldea da. Laugarren lana dute aurkezgai orain, «We are the Ones (We've Been Waiting For)» (Up Above Records, 2007). Amerikarra da Revolution disko jartzailea ere, MTV telebista kate entzutetsuan «The Wake Up Show» saioaren arduraduna. Sniper hirukotea Aketo eta El Tunisiano mc-ek eta Blacko toasterrak osatzen dute. Hiru lan plazaratu ditu, «Du Rire Aux Larmes» (barretik malkoetara) dute debuta, eta hasieratik sortutako kalapita zela eta Sarkozy Barne Arazoetarako ministroak salatu egin zituen. Aski ezaguna da hurrengo taldea ere. Hablando en Plata laukoteak «La División de la Victoria» atera zuen iaz, hamar urteko ibilbidean plazaratzen duen hirugarrena. Mucho Muchacho mc bartzelonarra 7 Notas 7 Colores talde ospetsuko partaidea dugu, egun Ibizan dj lanetan ari dena eta 2003an bere harrotasuna agertu ziguna, «Chulería» argitaratuz. Juaninackak ixten du hirukotea. SFDK eta Tote Kingekin batera sevillar hip hoparen ordezkari, Alta Escuelako partaide ohiak iazko «Luces de Neón» du bakarkako bigarren lana.
Etxeko ordezkaritza
Gasteiz bertatik Kodigo Norte laukote gazteak errimatuko du, «Iceberg» ep berria aurkezteko. Rushblac-ka ginear jatorriko irundarra dugu eta «Con pocos medios» esanguratsua du azken lana. Talde berriei ahotsa emanez, maketa lehiaketa bat ere ospatu da. Bertan, Subsuelo taldeak lortu du jaialdiari 16.00etan hasiera emateko saria. Defensa Propia eta Estado Mental taldeek lortu dute lehiaketako bigarren eta hirugarren saria.
«Urban Culture» omen dira break dance-a, grafittiak eta hip hop musika. Kaleko kultura hori sustatu nahian ospatuko da lehenengo aldiz Gasteizen Arena jaialdia, nazioarteko rap izarrez gainera erakusketa, tailer eta txapelketak ospatuko dituena hirian barna, asteburu batez.
Data: Etzi.
Lekua: Buesa Arena (Gasteiz).
Ordua: 16.00etatik goizaldera.
Salneurria: 21/25 euro.
Taldeak: Visionaries, DJ Revolution, Sniper, Hablando en Plata, Mucho Muchacho, Juanninacka, Kodigo Norte eta Rushblac-ka.
El dúo sevillano SFDK (Siempre Fuertes de Konciencia) acaba de publicar «Los Veteranos» en su propia discografía, trabajo con el que dejan claro su condición de pioneros del rap en castellano y con el que copan los primeros lugares de las listas de ventas. El mc Saturnino Rey Zatu y el dj Óscar Acción Sánchez forman SFDK, exponentes -junto a Tote King, Juaninacka y compañía- del creciente movimiento hip hop de Sevilla. Hoy actúan en la sala Santana 27 (Bilbo), mañana en Donostia y pasado en Artsaia (Aitzoain).
A.B.