Disko berriak | Aritz Sound System
Carlinhos intimoena
Carlinhos Brown musikaren eremua gainditu duen musikaria da. 1962an Brasilgo Bahia estatuan jaioa, Salvadorko ghettoetan hezi zen. Txikitatik kultura afrobrasildarraren oinarri diren perkusioak jotzen ikasi zuen, eta egun instrumentu anitz menperatzen ditu. 80ko hamarkadaz geroztik musika munduko talde eta ekimen desberdinetan parte hartu izan du; Timbalada taldearekin hasi zen Brasildik kanpo ezaguna egiten eta 1996an grabatu zuen bakarlari modura lehenengo diskoa. Dena den, ez zen 2002. urtera arte famatu egin; urte horretan Marisa Monte eta Arnaldo Antunesekin «Tribalistas» diskoa kaleratu zuen eta «Já sei enamorar» kantuak arrakasta itzela lortu zuen. Hortik aurrera Fernando Truebaren «El milagro de Candeal» filma, telebistarako iragarkiak eta Estatuko hainbat hiri handitan ospatutako jaialdi «karnabalak».
Izar mediatiko bilakatu da. Erritmoa, dantza eta alaitasunaren mezularia da. Bere aurpegi hau soilik ezagutzen dutenek, ordea, ezusteko handia hartuko dute disko berria entzutean. Bertan kantu lasaiak dira nagusi eta musikari brasildarraren aurpegi barrenkoia ezagutuko dugu. Ametsek egoerak gainditzen laguntzen dutela eta gehiago amestu behar dugula aldarrikatu du. «Kartzelan dagoen batek askatasunarekin amestu eta askatasuna lortzen du» esan du. Amestearekin soilik nahikoa ez dela eta ametsa egia bihurtzeko borroka egitea beharrezkoa dela esango genuke guk. Amets gaiztoen sorburua borrokatu.