Bereziki bigarren hezkuntza laguntzeko ospatuko da aurtengo Herri Urrats jaia
Maiatzaren 13an eginen da aurten Herri Urrats Senpereko lakuaren inguruan. «Urrats bat, zazpi nahi" lelopean Euskal Herriko zazpi lurraldetako euskaltzaleak gonbidatu nahi ditu Seaska ikastolen sustengatzeko. Pilota txapelketa antolatuko da aurten lehen aldiz.
Idoia ERASO |
«Ziklo bat bukatu da; duela 24 urte sortu zen Herri Urrats Xalbador kolegioa erosi ahal izateko, eta aurtengo dirua eraikin hori eraberritzeko baliatuko dugu» adierazi zuen Seaskako presidente Ixabel Xarritonek. Ikastolen Federazioarentzat aur- tengo apostua bigarren hezkuntzako ikasketak burutzen diren Kanboko Xalbador kolejioa eta Baionako Bernat Etxepare lizeoa berritzea da.
Seaskaren bigarren hezkuntzako zentroen garrantzia nabarmendu zuen Xarritonek. Ipar Euskal Herrian ikasleen %25ak euskaraz edo elebidunean matrikulatua baldin badago ere, kolejioetako ikasleen %9a soilik ikasten du euskaraz eta herena baino gehiago Seaskaren zentroetan ari da. Lizeoei dagokionez kopuruak txikiagoak dira, %3a besterik ez baita euskaraz ari eta ikasle horietatik bi herenak baino gehiago Ikastolen Federazioaren lizeoan daude.
Pilota Txapelketa
Herri Urrats lehen pilota txapelketa antolatu du Pelote Passion elkarteak. Senpereko Gantxiki trinketean iragango da maiatzaren 8tik 11ra eta bertan jokalari profesional eta amateurrek hartuko dute parte. Mikel Goñi pilotaria izanen da lehiaketan.
Beste hainbat berritasun aurkeztu zituen Serge Zudaire, Herri Urrats elkarteko presiden- teak. Alternatiba enpresarekin batera eta jaiak sortzen dituen hondakinen kopurua murrizteko plastiko gogorrezko «baso berriak» proposatuko dira Herri Urratsen. Baionako lizeoko zortzi ikaslek egin bideo bat ere izanen da aurten zenbait telebista katetan ikusgai.
Egoitz Zelaia bertsolari hendaiarrak sortu «Urrats bat, zazpi nahi» lelopean eta Guk taldeko Eneko Labeguerie eta Beñat Sarasolak egin kantaren errit- moan iragango da Herri Urratsen 24. edizioa. «Klasikoen maitaleentzat eta gazte modernoentzako programazioa eskeiniko da» esan zuen Jakes Erramouspek. Besteak beste Peio eta Pantxoa, Anje Duhalde, Zea Mays eta Gatibu izanen dira bertan.
Serge Zudairek bestalariak autobusean joatera gonbidatu zituen, Gendarmeriak Kanbo, Uztaritze eta Donibane Lohizunen alkoholemi kontrolak eginen dituela jakinarazi baitu.
Egoitz Zelaia bertsolari hendaiarrak sortu «Urrats bat, zazpi nahi» lelopean eta Guk taldeko Eneko Labeguerie eta Beñat Sarasolak egin kantaren erritmoan iragango da Herri Urrats maiatzaren 13an Senperen.