GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oztopoen gainetik, D eredua gorantz ari dela eta kalitatea baduela nabarmendu dute

Sortzen-Ikasbatuaz-ek eginiko agerraldian, D eredua eskaintzen duten ikastetxeen egoera azaldu zuten. Eredu horren kalitatea nabarmendu eta erakundeek jartzen dizkioten trabak ulergaitzak direla esan zuten.

Jasone MITXELTORENA |

Hurrengo astean hasiko den aurrematrikulazio kanpaina aurkeztu zuten Sortzen Ikasbatuaz taldeko kideek atzo Iru- ñean egindako agerraldian. Euskal eskola publikoak duen arazoa azaldu zuten; izan ere, D ereduan matrikulatzen diren ikasleen kopurua hazten ari da, eta eskolak ez dira aski. Atzo azaldu zutenez, hezkuntza publikoan egiten dituzten matrikulen heren bat D ereduan izaten da, eta esanguratsua da Iruñerrian.

Eredu horretako hezkuntzaren kalitatea onartua dute, bai Nafarroako Hezkuntza Sailak, bai eta Europako Batzordeak ere. Dena den, kalitatea bermatzen duen ziurtagiriaz harago, nabarmentzekoa da gurasoen parte-hartzea; Sortzen-eko ordezkariak erran zuenez, gurasoek seme-alaben hezkuntza gero eta gehiago uzten baitute ikastetxeen esku.

Salatzen ari diren hainbat kasu

«D ereduko heziketa publikoa da eta, beraz, plurala; egungo pribatizazioaren aurrean, garrantzitsua da hori. Herri eta auzoetan txertatuta dago eta familiaren eraikuntzan laguntzen du. Ama Lurrarekiko begirunea erakusten du, nortasunaren adierazgarri den hizkuntza bultzatuz globalizazioaren garai honetan, eta horrez gainera, beste bi hizkuntza ikasteko aukera ematen du: gaztelania eta ingelesa edo frantsesa», jakinarazi zuten.

Gizarteko beharrak kontuan hartuta, berrikuntzak sartzearen garrantzia nabarmendu zuten. Ingelesezko hezkuntzaren eskaera handituz doanez, hala eskaintzeko konpromisoa agertu zuten. Arazo sozialak ere kontuan hartu behar direla esan zuten, ikasleen ingurua bereziki.

Nafarroako Gobernuak ezarri nahi duen British eredua gaitzetsi zuten. «Esperimentala da, eta ez da eskaera-ikerketa batean oinarritzen. Ez dago batere definitua, eta helburua euskarazko irakaskuntza gelditzea dela uste dugu», esan zuen. Bestalde, hainbat gurasok euren egoera azaldu zuten. Orkoienen, euskaraz ikasteko Sanduzelai auzora joan behar dute, eta herrian eskola izateko eskubidea aldarrikatzen ari dira, biztanleria emendatzen ari denez, D ereduaren eskaera ere handitzen ari delako. Uharten ere arazo hori dute, eta Mendillorrin egiten ari diren eskola txiki geldituko dela salatu zuten. Beste kasuetan oinarritu eta eraikuntza lana nola doan ikusita, zalantzan jarri zuten irailean baldintza egokietan prest egonen den.

deialdi berezia

Paraguaiko emakume batek adierazi zuen: «Hemengo errealitatetik hurbilago egoteko bertako hizkuntza ikastea garrantzizkoa da». Bere herrian guaraniera biztanleen %90ek hitz egiten dute, baina bertze hainbat hizkera galdu dira. Deia egin zuen euskaraz ikasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo