GARA > Idatzia > Ekonomia

Langileen lana, segurtasuna eta osasuna

Lan segurua, egonkorra eta , arriskurik gabea lanerako baldintza egokiek soilik ziurtatzen dute. Langileriak lanean segitu nahi du osasuntsu eta atseden-aisialdia beharrezko ditu Baldintza kaskarretan lanean ari denak gastuak neurtuko- murriztuko beharko ditu, ibilgailua ez du agian baldintza onenetan izango eta bizitza aurrera ateratzeko edozertarako prest izango da, ahalik eta ordu gehiago gidatuta...

Jon ALTUNA
Hiru sindikatuko ordezkaria

O sasun eta Lan-segurtasunaren eguna, Langileriaren eguna eta Hiru sindikatuaren eguna, ospakizunerako egunak baino, hausnarketarako eta aldarrikapenerako egunak izan dira. Horiek esaldi batean laburtu daitezke: lanean segurtasuna ezinbestekoa da osasuna zaintzeko. Lan segurua, egonkorra eta arriskurik gabea, lanerako baldintza egokiek soilik ziurtatzen dute.

Langileriak lanean segitu nahi du, osasuntsu, eta atseden-aisialdia ere beharrezko ditu bizitzan. Atzo, Abadiñon egin genuen Hiru egunean, aldarrikapena eta festa elkartu ziren: garraiolariek euren esperientzia, kezka eta bizipenak trukatzeko aukera izan zuten. Langileak dira, autonomoak, denontzat ari dira lanean, eta gerora ere, horretan segi nahi dute, euren kamioia gidatzen, oztopo guztien gainetik; Arau zorrotzak bete behar dituzte eta are gehiago, berriek, autonomo gisa hasi nahi duten txoferrek, betebehar gehiago dituzte apiriletik.

Administrazioak handien alde egiten du eta autonomoen zailtasunak ez dira arindu. Askok irauteko ere nahikoa lan dute, eta jarraitzekotan lan baldintza onak ziurtatzeko neurriak eskatzen dituzte.

Baldintza onetan ari denak atseden hartuko du, lasai ibiliko da eta arrisku gutxiago izango du istripu edo ezbeharren bat izateko. Aldiz, baldintza kaxkarretan lanean ari denak gastuak neurtu-murriztu beharko ditu, ibilgailua ez du agian baldintza onenetan izango, eta bizitza aurrera ateratzeko edozertarako prest izango da, ahalik eta ordu gehiena gidatu, pisu gehiena eraman edota abiadura handienean ibiltzeko...

Gero lanaldi luzeen, garraio-epe laburren eta lan erritmo azkarren ondorioz istripu eta heriotzak gertatzen dira errepideetan. Garraio sektoretik lan baldintza kaxkarrak eta azpi-kontratazioa desagertarazten ez baldin baditugu, eta garraiatzen duen produktuaren gainetik garraiolariari lehentasuna ematen ez badiogu, ez dago zer eginik. Atsedenak istripu-arriskua eta osasun-arazoak gutxitzen ditu.

Beraz, bide-istripuak gutxituz gero, guztion segurtasuna hobetuko da. Baita garraiolariaren osasuna ere, jakina baita, behar adina atseden ez hartzeak eta nekeak gaixotasun, desoreka eta ondorio latzak dituela: neke iraunkorra bera, lo egiteko arazoak, garaiz aurretik zahartzea, zein bihotzeko, begietako eta giharretako arazoak, besteren artean.

Ogibide gogorra da, etxetik kanpo ordu asko pasatu behar izaten ditu garraiolariak, honek etxeko eta lagunarteko harremanetan ere eragina du... Lana, atsedena eta osasuna, denak behar ditu pertsonak, baina batak ez beza bestea kendu, lanak ez diezaiola inori osasuna, atsedena ala lasaitasuna galarazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo