GARA > Idatzia > Gutunak

Erlantz anda Gasteizko Gaztetxeko Asanblada

Has dadila zirkoa!

Muinoko pailazo eskola herritarraren eskutik ikuskizuna iada hasi da. Hemeretzi urteak ospatzeko gasteiztar ororen gutiziak betetzeko ekimen ugari antolatu ditugu, haur, gazte, ez hain gazte, amona eta aitonak! Martxa onean dabil Gasteizko gaztetxeko urtemuga.

Alabaina, aurten gure jaialdi pozgarri hau beste data tamalgarri batzuekin bat egin du zoritxarrez. Udalensis zirko iluna bere ikuskizun negargarriena prestatzen ari da dagoeneko, gorbatadun pailazo denak urduri dabiltza... ezta? Gezur jaia! Ilusio faltsuen festa! Promesen dantza! Irribarre makilatuak eta opari ustelak... Ba bai jaun-andreok! Hauteskuendeen zirkoa bertan dugu, ez gaitezen fido. Pailazo arriskutsu horien jolasak ez dira nolanahikoak. Hiritarron borondatearekin nola jolastu, hamaika trikimailu prest izango dituzte poltsikoak betetzen jarraitzeko.

Zortzi urte pasatu dira Alfofito pailazoa Alikate txit goren bilakatu zitzaigunetik, eta geroztik bere umore ilunak gogaitua eduki gaitu, eskarmentua hartu dugu behintzat. Mehatxuz jositako urte hauek antolatzen irakatsi digute, gurea dena defendatzen, Gasteizko jendartearekin bat egiten eta lortu dugu, muinoan jarraitzen dugu. Izorra daitezela!

Autogestioa, asanblada, okupazioa eta auzoa. Lau zutabe horiek egonkortu dute 19 urteko lana, lauak ezinbesteko zaizkigu.

Auzoa dugu gure irribarrearen arrazoi nagusia. Auzo horri esker eta bertakoek emandako indarragatik jarraitzen du etxe honek aurrera. Eskaparate bihurtu nahi duten arren, lo ez dagoen auzoa da gure Alde Zaharra. Maiatzaren 12an berriz erakutsiko dugu bizirik jarraitu nahi duela, eta horretarako ez du eskailera mekaniko, merkatal gune edo hotel dotoreen beharrik, hori gutxi batzuen onurarako dela argi dugu. Udalensis zirkoaren pailazokeriarik zitalena da PERI delako plana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo