GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Olasagastik finalerdietan izateko bidea egin du

Joxemiel Peñagarikanok galdu egin zuen Arrospideren aurka, eta lehiaketatik kanpo geratuko da. Lebaurukoak, aldiz, aukera guztiak zabalik ditu

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran jokatu diren bi jardunaldi hauetan, ezbairik gabe, bi gauza argi geratu dira: alde batetik, Joxemari Olasagastik finalerdietan izateko txartela eskuratu du, eta bestetik, Joxemiel Peñagarikano lehiaketatik kanpo geratuko da.

Atzo goizean eta arratsaldean izan ziren saioak, Urduñan eta Idiazabalen, eta bietan zaleek erantzun ona eman zuten. Bietan, aizkolariek lan bera izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu behar zuten. Ondoren tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra neurtu ziren. Hirugarren lanean, 45 ontzakoa zutik erdibitu behar zuten. Laugarrengoan, ordea, 60 ontzako enborra moztu behar izan zuten, eta bosgarrengoan, oin bateko bat zutik, eta bestea etzanda. Azkenik, bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten.

Atzo goizean, Arrospidek hasieratik bukaerara menderatu zuen Peñagarikano, proba guztiak bereganatu baitzituen. Kolpekakoan, 30.ean bota zuen Leaburukoak, eta hiru gehiago behar izan zituen Beizamakoak. Erlojuz kontrakoan, 44 segundotan erdibitu zuen Arrospidek, eta 53tan Peñagarikanok. Zutikakoan, 1.21 izan zen irabazlearen denbora, eta 1.51 galtzailearena. 60 ontzakoarekin ere Arrospide nagusi, eta minutu bat eta 53 segundo kendu zizkikon. 1.48 izan zen irabazlearen denbora. Oin batekoarekin ere, Leaburukoak ez zuen izan errukirik, eta irabazi egin zuen. 1.31 izan zen bere denbora, eta minutu erdi bat kendu zion Beizamakoari.

Lan luzean ere, atzoko onena izan zen Arrospide. 12.39 izan zen bere denbora, eta 13.00 Peñagarikanorena. Lan guztiak burutzen, 17 minutu eta 58 segundo behar izan zituen Arrospidek eta 20 minutu eta 28 segundo, berriz, Peñagarikanok.

Kolpekakoan

Atzo arratsaldean, Joxemari Olasagastik lortu zuen finalerdietako txartela, Azurmendiri irabazita. Igeldokoak, kolpekako saioa galdu egin zuen, baina gainerako guztiak irabazi egin zituen.

Kolpekakoan, ordea, Azurmendik erraz irabazi zuen. 33 tan erdibitu zuen 45 ontzakoa, eta Igeldokoak zortzi gehiago behar izan zituen. Hortik aitzinera, ordea, Olasagasti nagusitu zen. Erlojuz kontrakoan, 42 segundotan erdibitu zuen enborra, eta zazpiko aldea kendu zion Arriarangoari. Zutikakoan, 1.04 izan zen irabazlearen denbora, eta hamar segundo gehiago behar izan zituen Azurmendik. 60 ontzakoarekin, 1.50 izan zen Olasagastiren denbora, eta 2.23 Azurmenedirena. Oin batekoarekin ere bera nagusi. 1.52 eta 2.24 izan ziren denborak. Lan luzean, 13.48 izan zen Olasagastiren denbora, eta 15.53 Azurmendirena. Orotara, 19.57 izan zen Olasagastiren denbora eta 22.56 Azurmendirena.

Final-laurdenak amaitzeko hiru jardunaldi falta dira, multzo bakoitzeko bat. Batean Nazabal sailkatuta dago, eta Arriaren eta Rekondoren artean, atarikoa jokatzeko txartela izango dute jokoan. Bigarrengoan, Olasagasti sailkatuta dago, eta atarikorako Azurmendiren eta Lopezen artean erabaki beharko dute. Hirugarrengoan, lehen eta bigarren postua erabaki beharko dute Arrospidek eta Larretxeak.

Mugertza eta Kañamares

23 urtez azpiko lehiaketan, Mugertza II.ak lortu zuen sailkatzea, Rodriguezi irabazita. 18 urtez azpikoan, aldiz, ezuste handia izan zen, Kañamares III.ak ezustean hartu baitzuen mendean Mugertza III.a.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo