Jose Miguel Betelu Ziganda Administrazioan Euskaraz Taldea
Iruñeko autobus geltoki berri eta modernoa euskaraz nahi dugu
Administrazioan Euskaraz taldeak Iruñeko proiektu enblematikoaren inguruan bere aldarrikapena plazaratu nahi du.
Hurrengo ekainean inauguratuko da Iruñeko autobus geltoki berria. Haren inguruan merkataritza aktibitate handia eratuko da: Negozioak egiteko 18 lokal eta jatetxe bat aurreikusi dira.
Autobus geltoki berriaren obren aurrekontua 38 milioi eurokoa da. 27 milioi Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak jarriko dituzte. Beraz, autobus geltoki berri eta moderno hori, hein handi batean, Nafarroako hiritarrok ordainduko dugu.
Bertan eskainiko den zerbitzu publikoa nafar guztiok erabiltzeko modukoa izanen da. Iruñea derrigorrezko helmuga da, bai ospitaleetara joateko, administrazio publikoetan gestioak edo bestelakoak egiteko. Nafarrak izanen gara nagusiki erabiltzaileak (kanpoko hiritarrek ere erabiliko duten arren).
Autobus geltoki hau gehienbat diru publikoarekin ordaindu delako eta nafar guztioi zerbitzua eskainiko digulako, espero dugu euskara baztertua ez izatea.
Nafar euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzea nahi dugu: Autobus geltoki berriaren errotuluetan, bileteetan... testuak euskaraz modu nabarmenean jarrita; bestetik, geltokiko langileekin euskaraz aritzeko aukera edukita (horretarako kontratazioetan euskara menperatzea kontutan hartu beharra dago).
Ea gure agintariek behar bezalako erantzuna ematen duten.