Emakumeen eskubideen alde Udalbiltza berrantolatzeko galdegin du BFk
Oihana LLORENTE |
Emakumeak eskubide osoko subjektutzat hartuak izan daitezen eta dagozkien eskubideak izan ditzaten, Udalbiltza berrantolatzeko premia ezinbestekotzat jo du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Hortaz, erakun- dea berriz eratzeko prozedura abian jar dadila galdegin du.
Donostian egindako agerraldian Bilgune Feministako ki- deek bere egin zuten Udalbiltza berrantolatzearen aldarrikapena. Haien ustez, Euskal Herriak dituen erronka eta premiei aurre egiteko hil edo bizikoa da nazio gisa aritzea ahalbidetuko duen tresneria.
Euskal Herria bildu eta egituratzeko Udalbiltza sortu bazen ere, alderdien arteko ika-mikek nazio erakundea zatitzea eragin zutela ekarri zuen gogora mugimendu feministak. Orain ordea, datozen hilabeteetan lurralde osoko udal hautetsi guztien izendapena berrituko dela aintzat harturik, aukera probestu eta erakundea berriz osatzeari ekiteko deia egin zuen Bilgune Feministak.
Nazio erakundea herri guztietako eta sentsibilitate ezberdinetako hautetsiekin osa dadin ahalegin berezia egitea eskatu zuen mugimenduak. Era berean, herritarrek emandako boz demokratikoen arabera hautatuko pertsonekin egin dadila azpimarratu zuen.
Alderdi politikoei aldiz, Udalbiltza zatiketa eta indargabetze egoeretatik salbu mantentzeko konpromisoa eskatu zien, berrantolatzearen aldeko jarrera publikoa agertzearekin batera. Hauteskundeetara aurkeztutako pertsonei ordea, Udalbiltzako kide izateko borondatea eta hura berrantolatzearen alde lan egitea galdegin zien Bilgune Feministak.
Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalentzat ere eskaerak izan zituen Bilgune Feministak eta haiei ere Udalbiltza berrantolatzearen aldeko lanean murgiltzeko gonbita egin zien.