Domenico Scarlatti eta Nicanor Zabaleta, Hamabostaldiko ardatz
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 68. edizioak bi erreferentzia nagusi izango ditu: Domenico Scarlatti (1685-1757) eta Nicanor Zabaleta (1907-1993). Horiek ez ezik, baina, hitzorduan nabarmena izango da Errusiako konpositore, zuzendari eta formazioen presentzia ere.
GARA | DONOSTIA
Abuztuaren 6ko inaugurazio egunean, Victoria Eugenia antzokiak «L´Ottavia restituta al trono» lana berriz estreinatuko du. Scarlattik idatzitako lehenengo opera da hori, eta Napoliko Antonio Florio maisuak egin duen berreraikitze lan mardulari esker antzeztuko dute aurtengo Hamabostaldian.
Hitzorduko arduradunek atzo adierazi zutenez, Napoliko San Bartolomeo antzoki mitikoan eman zuten opera hori lehen aldiz, eta hiru mende geroago, datorren berrestreinaldi horretarako, Francisco Lopezek atondu du eszenaratzea.
Victoria Eugenia antzoki berrituak Christian Zacharias piano-jotzaile ezagunaren eskutik eskainiko dio bigarren emanaldi bat Scarlattiri. Orchestre de Chambre de Lausanne-ren laguntzarekin, hain zuzen, Zachariasek konpositore italiarraren sonata-sorta bat interpretatuko du, abuztuaren 25ean. Kursaaleko Ganbera Aretoak ere omenaldi horrekin bat egingo du, Mensa Harmonicaren eta Carlos Mena kontratenorraren errezitaldi baten bidez (abuztuak 20). Scarlattirenak eta bere Napoliko Eskolarenak diren hainbat konposizio emango dituzte.
Aldi berean, Antzinako Musikari eskainitako zikloa konpositore horren musika-ondare zabalaren erakusgarri izango da; ondare hori teklaturako ezohiko produkzioek (katalogatutako 555 sonata) eta erlijio-musikak osatzen dute.
Domenico Scarlatti ez ezik, baina, Nicanor Zabaleta ere gogoan izango du aurtengo Hamabostaldiak. Horretarako, batetik harpalari handiaren oroitzape- nezko erakusketa bat atonduko dute. Chillida Lekun egin ohi dituzten kontzertuetan, aurten Zabaletarentzat bereziki sortu dituzten hainbat obra entzuteko parada izango da. Dena den, jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldi nagusia Victoria Eugenia antzokian izango da, abuztuaren 31n, kontzertu bat egongo baita. Bertan, Frederique Cambreling harpalariak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak «Harpa eta orkestrarentzat kontzertua» emango dute, Xavier Montsalvatge konpositoreak Zabaletari berari eskaini zion obra.
Joaquin Achucarrorekin
Scarlattiren inguruko erreferentziez eta Nicanor Zabaletari egingo dioten omenaldiaz gain, Victoria Eugenia antzokiak beste bi kontzertu ere hartuko ditu; bata San Petersburgoko Capella Glynka ahots-taldearena, nazioartean sona handia duenarena (abuztuak 22), eta bestea Joaquin Achucarroren errezitaldia (abuztuak 28). Azkena Bilboko piano-jotzaile handiaren 75. urtemuga ospatzeko baliatuko da.
Teresa Berganza etorriko zela eta antzoki berrituaren arteko topaketa egingo zutela adierazi arren, bertan behera gelditu direla azaldu zuten atzo.
Osterantzean, Kursaalen urtero ikusmin berezia sortu ohi duen hitzordua antzeztutako operarena da, eta aurten Lindsay Kemp polifazetikoaren eskutik etorriko da Donostiara. Offenbach-en «Hoffmann-en ipuinak» operaren bertsio berri bat emango du abuztuaren 11n eta 13an.
Abuztuaren 6an hasi eta irailaren 4a arte iraungo du Hamabostaldiak, eta dantzari ere eskainiko dio tarterik. Betiko legez, nazioarteko orkestra handirik ere hartuko du. Arduradunen esanetan, prestatzen dabiltzan musika-eskaintza zabalean, Ensemble Dialogos taldearen bi kontzertu, Ainhoa Garmendia sopranoaren errezitaldia eta Musika Garaikideari eskaini zikloak jasoko dituen proposamen «berritzaileak» izango dira.